Asteburuko inauteri giroak gaur eta bihar izanen du segida

Ttipi-Ttapa 2014ko martxoaren 3a

Lesakan astelehen eguerdian karrozak eta mozorroak ikusteko aukera izanen da.

Herri gehienetan eskean ibiliko dira eta Lesakan, adibidez, karrozak eta mozorroak ikusteko aukera izanen da

Arizkunen eta Erratzun gaur eta bihar segituko du inauterietako mozorro bestak. Beran, gaur zingar-arraultzea eginen dute eta Lesakan, bertzeak bertze, eguerdian karrozak ikusteko aukera izanen da. Etxalarren gaur gazteak baserriz-baserri ibiliko dira, baita Goizuetan ere. Baina horrez gain, desfilea, filmak, futbito txapelketa eta dantzaldia izanen dira. Urdazubin ere gazteak baserriz-baserri ibiliko dira.

Nahiz eta herri batzuetan inauteriak ospatu dituzten, asteburu honetan hasi dira inauteri data ofizialak eta herri aunitzetan inauteri giroan murgildu dira. Doneztebe, Elizondo, Lekaroz, Gartzain eta Almandozen, erraterako, ortziral eta larunbat artean izan dituzte inauteriak, baina bertze batzuetan oraindik segida izanen du mozorro bestak.

ARIZKUN

Arizkunen astelehena eta asteartea izanen dituzte inauterietako azken egunak, eta bihar eguerdian hartza aterako da.

ERRATZU

Erratzun igandetik asteartera ospatuko dituzte inauteriak eta bihar damen desfilea izanen da.

BERA

Inude eta artzainen atzoko harat-honaten ondotik, astelehen goizean zingar-arraultzea eginen dute eta 19:00etatik 20:00etara Afrika Lion taldearen perkusio emanaldia izanen da Altzateko karrikan. Aipatu, inauteriak direla eta, trafikoaren aldetik neurriak hartu dituela Berako Udalak eta gaurko egunez, gehienezko abiadura 20 km/h-koa izatea agindu du.

LESAKA

Goitarren baserriz-baserriko harat honatak, eta Zakozaharrak izan ziren atzo Lesakan protagonistak. Gaur, berriz, Fraindarrak eta Goitarrak baserriz-baserriko ibiliko dira, baina horrez gain, goiz eta eguerdian karrozak ikusteko aukera izanen da plaza inguruan. Arratsaldean dantzaldia izanen da plazan. Asteartean oraindik Fraindarrak taldeko kide batzuk ibiliko dira baserriz baserri.

ETXALAR

Gaurko egunez, herriko gazteak bi taldetan banaturik batzuk goiko auzoetan eta bertzeak beheko auzoetan eskean ibiliko dira egun osoan. Gero bazkaria izanen dute eta 21:00etan pintxoak Elutsa ostatuan. Asteartea, berriz, mozorro eguna izaten da hondarrekoa Etxalarren. 12:00 aldera herriari itzulia emanen diete mozorro eta karrozekin. 14:00etan bazkaria eginen dute eta 18:00etatik 20:30era dantzaldia Beñatekin plazan. 19:00 aldera taloak jateko aukera izanen da.

GOIZUETA

Gaur goizean goiz egin dute mozorroen hitzordua, 08:00etan, eta baserrietara abiatu dira. Baina horrez gain, 10:00etan plaza eta soziedadea apaintzeko geldituak dira, piratak gaia hartuta. 11:30ean hamaiketakoa eginen dute eta 12:00etan desfilea herrian zehar. 13:00etan umeen bazkaria izanen da eta 14:30ean helduen bazkaria. Ondoren umeentzako tailerrak eta Piratas del caribe pelikularen emanaldia. 16:30ean futbito txapelketa eta altxorraren bila izanen dira, 18:00etan merendola eta 18:30ean mozorroen etorrera herrira, dultzaineroekin. 19:00etan plazan dantzaldia izanen da Aierrik taldearekin eta 22:00etan mozorroen afaria.

Asteartean 09:00etan geldituko dira mozorroak gosaltzeko eta gero herrian barna ibiliko dira. 14:00etan mozorroen bazkaria eginen dute eta 17:00etan zahagi dantza, Izkiña tabernatik hasita. 19:00etan erromeria izanen da Gugaz taldearekin eta 20:00etan karrozen desfilea. 22:00etan mozorroek afaria eginen dute eta 23:30ean erromeria hasiko da berriz Gugaz taldearekin plazan.

Martxoaren 8an, larunbat eguerdian poteoa eginen da Igandea txarangarekin. 14:00etan mozorroak bazkaria eginen dute eta  17:30 aldera poteoa izanen da Igandea txarangarekin Izkiña tabernatik hasita. Gauean kontzertuak izanen dira gaztetxean Skabidean eta Dj Josebita taldeekin.

URDAZUBI

Astelehen eta asteartean, 10:00etan elkartuko dira Karretero ostatuan gazteak eta denak elkartu ondotik baserriz baserri ibiliko dira eskean. Bi egun hauetan Mari Joxe Etxeberria eta Jaione Kordobaren trikitixa eta panderetaren doinuek alaituko dute herria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun