Irrien Laguna proiektua eta bereziki Irria aldizkariaren sustapenean bidelagun izan dituen 59 udal eta 94 ikastetxeri laguntza eskertzeko, irrizale izendapen ekitaldia egin zuen otsailaren 20an Irrien Lagunak Klubak Hernanin. Aitortza jaso zutenen artean izan ziren Baztan eta Leitzako udalak eta Baztango herrietako eskolak.
Udal eta ikastetxeen laguntza proiektuaren biziraupena bermatzeko «ezinbertzekoa» dela adierazi zuten Irrien Lagunak Klubeko lagunek. Ikastetxe eta udal irrizaleak harpidetza oinarriaren %12 baitira. Joxe Mari Agirretxe Porrotxek «bihotzez eta buruz» eskertu nahi izan zituen udal eta ikastetxeak, eta gaineratu zuen Irrien Lagunak Kluba Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak «baino gehiago» dela. Duela hiru urte Irria aldizkaria sortu zutela aipatu zuen, eta aurten 5.000 harpidedun lortu nahiko lituzketela.