Ortzegun Gizen, Orakunde edo Egun Ttun Ttun ospatuko dute gaur eskualdeko hainbat herritan

Ttipi-Ttapa 2014ko otsailaren 27a

Baztanen oilar dantza eginen dute arratsaldean. Argazkia Baztan Ikastolakoa da.

Baztanen oilar dantza eginen dute eta Bortzirietako herri gehienetan eskean ibiliko dira

Baztanen, herri batzuetan Orakunde eta bertzeetan Egun Ttun-Ttun deitua den inauteri aitzineko ortzegunean, oilar dantza izanen da eguneko ekitaldi nagusia. Horrez gain, otordu, dantza eta jostetarik ere ez faltako. Bera, Lesaka, Etxalar eta Igantzin ere ospatuko dute Ortzegun Gizen, eta neska-mutikoak eskean aterako dira.

Herri batzuetan ospatu berria eta gainerakoetan egiteko puntuan ditugu inauteriak. Eta horietako aunitzetan Ortzegun Gizen, Orakunde edo Egun Ttun-Ttun ospatuz eginen dute inauteriak heldu direnaren seinalea. 

Baztanen Oilar Dantza izanen da herri batzuetan Orakunde eta bertzeetan Egun Ttun-Ttun deitua den eguneko ekitaldi nagusia. Horrez gain, ez da otordu, dantza eta jostetarik faltako.

Beran Ortzegun gizen arratsaldean ospatuko dute. 15:45ean egin dute hitzordua eta suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura joanen dira. 16:30etik aitzinera Zeren Zain taldea Eztegara pilotalekuan izanen da.

Lesakan, berriz, goizez arraultze-arraultze eskean ibiliko dira neska-mutikoak. Arratsaldean ikastolan inauterietako jaialdia izanen da.

Etxalarren, berriz, goizean neska-mutikoak Ortzegun Gizen, Ortzegun Gizen, zingar-arraultze bat ez bada bertze kantatuz eskean ibiliko dira etxez etxe. 14:30etik aitzinera Landagain eskolako ikasleek beren antzezlanak eskainiko dituzte karrikaz karria.

Igantzin ere ospatu ohi dute gaurko eguna. Nahiz eta inauteriak joan den asteburuan egin, eskolako haurrak gaurko egunez eskean aterako dira eta bihar antzerkiak eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun