Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute martxoaren 22rako

Ttipi-Ttapa 2014ko otsailaren 26a

Euskal Komunitateari Iruñean eginen den mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete hainbat esparrutako lagunek

«Nafarroako Gobernuak politika zehatz bat dauka euskal komunitatearekin bukatzeko, desagerrarazi nahi gaitu». Horren aitzinean egin dute hainbat esparrutako pertsonek  manifestaziorako deia. Iruñean eginen da eta euskal komunitateari parte hartzeko gonbitea luzatu diote.

«Nafarroako Gobernuak politika zehatz bat dauka euskal komunitatearekin bukatzeko, desagerrarazi nahi gaitu». Hori dela eta, euskararen alde, euskararen aurkako erasoak salatzeko, eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute martxoaren 22rako Iruñean. Antoniutti parketik abiatuko da manifestazioa 17:30ean eta euskal komunitateari parte hartzeko gonbitea luzatu diote. Gisa honetara, «euskaltzale guztiok aukera izan dezagun esateko hemen gaudela, bizirik, euskaraz bizi garela, euskaraz bizi nahi dugula».

Joan den otsailaren 22an egin zuten manifestazioaren aurkezpena Iruñean. Eta argazki sinboliko bat ere egin zuten, «mutu, desagerrarazi nahi gaituztela irudikatzeko». Bide batez, Nafarroa osoko auzo, herri, eskualde, lantokia eta abarretan halako argazkiak egiteko gonbitea egin zuten. Bertzalde, 70 lagunek baino gehiagok bat egin dute manifestazio deialdiarekin, baina norbaitek oraindik atxikimendua agertu nahi badu izanen du aukera euskaldunok.m22@gmail.com helbidera mezua bidalita.

'Euskaraz biziz, Nafarroako Gobernuaren erasoei aurre egin diezaiegun'

Manifestazioaren deitzaileen arabera, «euskaraz bizi nahi dugunok hemen, Nafarroan, gero eta oztopo gehiago dugu Nafarroako Gobernuaren aldetik. Euskaraz aritzen garenok arrotz gisa tratatzen gaitu gobernuak, eta gure lurrean berean desagerrarazi nahi gaitu. Ahaztu dute, nonbait, euskara dela Lingua Navarrorum». Nafarroako Gobernuak «euskarari dion amorrua argi» ikusten dela gaineratu dute, «behin eta berriz hartzen dituen erabakietan, egiten dituen adierazpenetan, bere hizkuntza politikan...». Euskararen Lege «eskasak» ezartzen duena hainbat arlotan ez betetzea ere leporatu diote Gobernuari.

Egoeraren aitzinean, «Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika itxuragabe hau tinko eta ozen salatzen dugu; euskaldunok hemen gaudela erakutsi nahi dugu. Eta eraso zerrenda amaigabeari bukaera emateko eskatzen diogu gobernu honi». Euskal komunitateari euskaraz bizitzeko behar diren pausoak emateko eta dinamika sozial indartsua abian jartzeko eskatu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun