Malerreka Euskara Batzordeak antolatzen duen Malerreka Kantuz saioa Zubietara ailegatuko da martxoaren 1ean. Hain zuzen, martxoaren 1ean, larunbat eguerdian gelditu dira plazan.
Malerreka Kantuz hilabeteko lehenengo larunbatean egiten da. Saioak Malerrekako herri guztietan egiten dituzte, hilero herri ezberdinetan. Musikaren laguntzaz kantuan aritu eta gero herriak hamaiketako xume bat eskaintzen die bertaratuei.
Literatur solasaldiak
Bertze aldetik, Mankomunitateak bultzatutako Literatur Solasaldiak ekimenaren baitan, Garbiñe Ubedaren Hobe isilik liburuaz arituko dira apirilaren 3an Zubietako estalpean, 19:00etan. Ohikoa denez, solasaldiaren bitartean merendua eginen dute, hortaz bakoitzak zerbait eraman beharko du. Malerrekako Literatur Solasaldiak ekimena 2013ko udaberrian sortu zuen Malerrekako Mankomunitateko Euskara Batzordeak. Ekimen honetan liburu bati buruzko mintzaldia antolatzen da idazlearekin. «Guretzat ezinbestekoa da aukeratzen dugun liburuaren autorea prest egotea gure solasaldian parte hartzeko» diote Mankomunitatetik. Liburua Literatur Solasaldietan parte hartzen duten pertsonek aukeratzen dute, eta irakurtzeko hilabete eta erdi egoten da, gutxi gora behera. Liburuak Malerrekako Euskara Zerbitzuan eskuratzen ahal dira.
Ekimen honek duen alde onenetako bat, idazlea bera ezagutzeko aukera izateaz gain, idazlearekin zenbait gairen inguruan sortzen den mintzatzeko aukera da. Solasaldietan arras giro ona sortzen da, solasaldietan parte hartzen dutenek merendua egiteko zerbait eramaten dute, honela idazlearekin mintzatzen diren bitartean zerbait jateko edo edateko aukera izaten dute. Orain arte, Ernesto Prat (Hiru ilargi laurden), Mikel Taberna (Alkasoroko benta) eta Peru Magdalena (Egia esan) izan dira solasaldietan.