Otsaileko azken asteburuan bortz saio jokatu ziren Bardoak taldekako txapelketako lehen faseari bukaera emateko. Lehen fasea bukatuta, sei talde pasa dira martxoaren 8an hasiko den bigarren fasera, horietatik lau eskualdekoak: Baztan-Malerrekako Etxeko Kontuk, Leitzako Harrapazank, Lesakako Zortziko haundiena eta Baztango Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera. Horiekin batera, Iruñeko Bertze Maldikoak eta 12 obario eta 11 pedrada (tartean da Erika Lagoma lesakarra ere) sailkatu dira bigarren fase horretara.
Sei saio jokatuko dituzte bigarren fasean, bi bueltara. Horrela gelditu dira saioak: Zortziko Haundiena-Lepanatuek 2; Bertze Maldikoak-Etxeko Kontuk eta Harrapazank-12 obario eta 11 pedrada.
Iturenen jokatuko da bigarren faseko lehen saioa, Etxeko Kontuk (Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu, Amaia Elizagoien) eta Bertze Maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika eta Oscar Sanz de Acedo) taldeekin. Martxoaren 8an izanen da bertso-merendua formatuan, Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, 19:00etatik aurrera.
Martxoaren 14an, berriz, Lepatanatuek 2 eta Zortziko Haundiena taldeen txanda izanen da. Elizondoko Intza ostatuan izanen da bertso-merendua, 20:30ean.
Bigarren faseko hirugarren saioa martxoaren 28an jokatuko da Iruñean, Iruña Taldearen egoitzan. 21:00etan hasiko da eta bertso-merendua izanen da. Saio horretan Iruñeko 12 obario eta 11 pedrada eta Leitzako Harrapazank taldea arituko dira.
Martxoaren 29an Bardoen beste bi saio izanen dira. Iruñean Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeek haien bigarren saioa eginen dute. Egun berean, bertso afaria izanen da Igantziko Biltoki elkartean, 21:00etan, Lesakako Etxeko Kontuk eta Elizondoko Lepatanatuek 2 taldeekin.
Bigarren faseko azken saioa martxoaren 30an jokatuko da Leitzan, Harrapazank eta 12 obario eta 11 pedrada taldeekin.
Bigarren fasetik hiru talde pasako dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den Bardoak taldekako txapelketako finalera.