Argazkian ikus litekeenez, Maingonea etxea zeharo hondatuta dago eta etxearen azpitik pasatzea benetan arriskutsua da. Guztiok ditugu gogoan bertan bizi izan ziren Kintin artzaia, bere ahots bikainarekin latinez abestutako mezak alaitzen zituena, Migel Antonio, bizkarreko minen ondorioz ia ia tolestuta ibiltzen zena, Matias, Barriola, Martin (Beltza), Juan Fermin (Motza), Alfonso, Juana eta Matisa. Baina, etxearen jabeek duela urte asko alde egin zuten herritik eta gehienak hilik daude. Etxearen egoerak okerrera egin du azken urteetan eta horrekin kezkatuta eraikina lehenbailehen botatzea nahiko luke Udalak. Familiak berehala neurriak hartuko dituela jakinarazi du.
Etxea desagertzera doanez, bere historiaren berri ematea interesgarria izan liteke. 1678ko urtarrilaren 9ko dokumentu batzuetan topatu ditugu etxearen inguruko lehenengo aipamenak. Horren arabera etxearen jatorrizko izena Marijuangonea zen eta jabea, Migel Mikelarena. 1726ko abenduaren 1ean berriz, Maringorena izena zuen etxeak eta Juan Mikelarena ageri zen bere jabetzat, ziurrenik Migelen semea izanen zen. 1725ean sortu zen Ezkurran Errosarioko Amaren Kofradia eta honen sorreran diruz lagundu zutenen zerrendan Maingonena ageri da etxearen izen bezala. 1865eko irailean suteen aurkako elkartea sortu zenean, Fermin Cestau Olagarai zen Maingonea etxearen jabea.