Herriz herriko besta eta mus txapelketetan murgilduak

Fernando ETXEBERRIA 2014ko ots. 20a, 10:20

Pentsioei buruzko hitzaldia Donezteben. Fernando ETXEBERRIA

Pentsioen inguruko hitzaldiek ere jubilatu ugari erakarri dituzte

Leitzako Elkartekideak izan ziren mus txapelketako partidak jokatu zituzten lehenak. Zazpi bikote aritu ziren lehian eta Pedro Migel Barberia eta Jose An­gel Azpirozek lortu zuten txapela. Eusebio Zelaieta eta Jose Mari Elizalde izan ziren bigarrenak eta Josefina Ma­txain eta Isabel Huizi sail­katu ziren hiruga­rren. Guztiek martxoaren 23an Hondarribian jokatuko den finalean parte hartuko dute. 

Oronoz-Mugairi eta Legasa inguruko bazkideak Almandozen elkartu ziren. Hauek ere me­zaren ondotik, baz­ka­ria egin zuten eta bazkalondoan batzuk dantzaldian gozatu eta besteek museko partidak jokatu zituzten.

Otsailaren 9an izan zen Eratsungo bazkideen txanda eta hauek mezaren ondotik, Barranka ostatuan elkartu eta musean aritu ziren.

PENTSIOEI BURUZKO HITZALDIAK

“Pentsioak: Egiak eta gezurrak” izenburupean hitzaldia eskaini zuen Patxi Urrutiak Donezteben eta Leitzan. Otsailaren 6an izan zen Doneztebeko saioa eta 32 pertsonak hartu zuten parte. Leitzakoa be­rriz, otsailaren 13an izan zen.

Hitzaldietan Urrutiak azpimarratu zuen gezurra diotela pentsiodunei oinarrizko igoerarik ordaintzeko dirurik ez dagoela esaten dutenean. Azaldu zuen ez dela egia bizi itxaropena luzatzeak eragin kaltegarriak dituenik. Gezur hauek zabalduz, jubilazio plan pribatuak bul­tzatzen dira, aberatsek bakarrik ordaindu ditza­keten pentsio planak.

Gizarte Segurantzatik jasotzen den diru kopurua izaten da pen­tsiodunen artean bana­tzen dena. Horren ondorioz, superabita dagoen momentuan pen­tsioak igo egiten dira eta ez badago irabazirik jei­tsi. Gizarte Segurantza ordaintzen dutenen kopurua jeitsi denez, ez da pentsioan igoerarik izango eguneroko prezioek goiti egiten duten arren.

Politikoei, bankuei, militarei, elizei, monarkiari… ordaintzeko nahi adina diru baldin badago, zergatik ez pen­tsiodunentzat? Bertze herrialdeetan pentsio sistemak indartzeko bertzelako neurriak har­tzen dira, BEZ. eta PFZAren ehuneko bat gastu horietara bidera­tzea adibidez. 

Egoera larri honen aurrean, eutsi egin behar da eta ez etsi. Soldata jeitsieren aurka egin eta lana sortuko duten bideak landu. 

Interesatuek aukera daukate Elizondon Arizkunenean martxoaren 6an eta Beran Beralandetan martxoaren 13an, arratsaldeko 6etan eskainiko diren hitzaldietan.

IKASTARO ARRAKASTATSUAK

Arrakasta itzela izan zutela esan liteke, 182 bazkidek parte hartu zutelako antolatutako ikastaro eta tailerretan. Informatika saioa izan zen parte hartzaile kopuru handiena izan zuena. Gaiaren inguruko bilera ugari egin dira eta laster martxan jarriko dira berriro.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun