Aurtengoan ere primeran joan dira Donamariko inauteak. Ostiralean eguraldi onaren laguntzaz herriko gazteak auzoetan barrena ibili ziren. Gauean primerako afaria egin ondotik goiz joan ziren etxera hurrengo egunerako indarrak hartzera.
Larunbatean, goizean goizetik hasita, gosari ederra izan zen Herriko ostatuan, eta gazte andana elkartu zen. Ondoren auzoz auzo ibili ziren giro ederrean. Arratsaldean eguraldiak okerrera egin arren, berriro ere auzoz auzo ibili ziren trikiti eta panderoaren laguntzaz. Tenore berean, herriko haur eta gaztetxoenek ere primeran pasatzeko aukera izan zuten. Artze auzotik hasita, koadrila ederra juntatu ziren eta bi karrozetan eta Natalia akordeojolearen laguntzaz, monjetara joan ziren. Hemen ere monjekin gustora egoteko aukera izan zuten, horrela ibili ziren gaztetxoenak, auzoz auzo traktoretan eta musikarekin. Ondoren, herriko frontoian jolasean ibili ziren, pañuelito, sokatira, zaku lasterketa... eta eguna ongi bukatzeko, afari ederra izan zuten.
Gazteek ere afaria izan zuten herriko ostatuan, afalondoko giro ederrarekin.
Igande arratsaldean ere jende andana elkartu zen txokolatadara.