Jadanik abian da Bardoak 2014, taldekako Nafarroako bertso txapelketa edo ekimena. Hainbat eta hainbat talde (16 talde, 60 bertsolari eta hainbat laguntzaile) ari dira lanean burubelarri eta jadanik beraien dohaiak erakusten ari dira.
Herriko bi bertsolari, Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak parte hartzen ari dira, hain zuzen ere Etxeko kontuk taldean. Bi anaiak eta beraien lehengusina Amaia Elizagoien dira bertsolariak, aurkezlea Maialen Kamino eta ordezkoak Maialen Arregi, Oihane Retegi eta Jaione Elizagoien .
Ederki prestatu dute txapelketa eta nabari da. Otsailaren 7an Zubietako estalpean estrenatu ziren Mirristi Drintim taldearen aurka (Iruñeko eta Bortzirietako bertsolari batzuekin osaturikoa) eta beraiek irten ziren garaile, hurrengo txandarako puntua eskuratuz. Etxeko kontuk taldea izan zen antolatzailea eta saioa hasi baino lehen berendua izan zen. 45-50 lagun arteko koadrila bildu zen, harrera beroa egin zieten bertsolariei eta ordainetan saio politaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Hurrengo saioa otsailaren 21ean dute Etxarrin Bilixkorriko taldearen kontra.