Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinegotziak Luis Zarraluqui Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariarekin elkartu ziren otsailaren 6an, N-121-A errepidearen egoera aztertzeko. Bileran, Departamentuak bide-zola, seinaleak eta balizamendua hobetu eta Bera inguruan radarrak jartzeko asmoa azaldu zuen. Udal ordezkariek «soluzio osoa eta sakona» eskatu zuten errepidearendako. Udalen aldetik, Marisol Taberna (Bera), Xeberiano Txoperena (Lesaka), Amets Inda (Sunbilla), Alberto San Miguel (Oiz), Garbiñe Elizegi eta Florentino Goñi (Baztan) eta Gloria Agerri (Doneztebe) izan ziren bileran.
Kontseilariak N-121-A errepideko Berako tartean bide-segurtasuna hobetzeko Departamentuak egindako proposamenen berri eman zien, izan ere, urtarrilaren 23an, bi pertsona hil ziren auto istripu batean. Proposamenaren barrenean sartzen da seinale bertikalak zein horizontalak hobetzea. Hortaz, 13 seinale berri jarriko dira, arriskuaz oharatarazi eta abisatzeko, eta informaziorako panel osagarriak. Gainera, norabidea adierazi edo erreiak hautatzeko geziak eta gelditzeko marrak pintatuko dira. Bertzalde, zola berrituko da eta ibilgailu geldoentzako erreia laburtu eginen da, eta galtzadaren ertzean zabalera ere itxi eginen da.
Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkarien ustez, neurri egokiak izan arren, ez dira nahiko errepidearen arazoa moldatzeko. Hortaz, «soluzio sakona eta osoa» eskatu zuten, izan ere «arazo handia duen errepide batean partxeak jartzen ari dira bata bertzearen ondotik». Soluzioa ematerakoan errepidearen trafiko handia eta ibilgailuen abiadura kontuan hartu behar direla jakinarazi zuten. «Neurri hauekin egoera hobetuko da, baina ez da arazoa soluzionatuko». Beraz, bileratik «erdizka» atera zirela aipatu zuten. Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen erranetan, «Nafarroako Gobernuak gastatzen duen diruak alde batera uzten du gure eskualdea. Errepide honi lehentasuna eman beharko litzaioke, trafiko eta istripu kopuru handia duelako».
Sunbillako bidegurutzeei buruz ere galdegin zioten kontseilariari, baina obra hori lehentasunen artean dagoen arren, aurten ez omen dago aurrekontuan horretarako dirurik.