2014 denboraldiko hirugarren lasterketan Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeak urteko lehen garaipena lortu du. Ion Zeberio elizondarra azkarrena izan zen Tafallako plazan kokatutako helmugan lau lagunen arteko sprint estuan; Iñaki Villoria iruirtarrak 90 kilometroko ihesaldia burutu zuen eta Luziano Mitxelena lesakarrak master60 mailan garaipena lortu zuen.
160 txirrindulari izan ziren larunbatean Tafallan jokatutako lasterketan eta Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeak dituen hamar txirrindulariak eraman zituen harat. Ia hasieratik Iñaki Villoria bertze zazpi iheskiderekin alde egin zuen eta Artajonako bigarren igoeratik aitzinera bakarlanean aritu zen. Atzetik Goerna taldearen lanak Iñakiren ihesaldia zapuztu zuen helmugatik 10 kiometrora eta orduan jo zuen erasoa Ionek. Tafallako kaleetara Pacios, Larrea, Burgos eta Zeberio aitzinetik iritsi ziren, gibeletik bertze taldetxo txiki bat gertu zutelarik. Sprinta gogorra eta lehiatua izan zen eta Zeberiok Larrea 20 zentimetrogatik garaitu zuen; hala ere nahikoa lehen garaipena erdiesteko. Ibon Urtiaga hurrengo taldetxoan helmugaratu zen 9. postuan eta Luziano 29., Master60 mailako garaipena lortuz. Aurrez lan handia eginda gibelerago sartu ziren gainontzeko taldekideak Xabi Aranguren igantziarra (94.), Mikel Arburua igantziarra (95.), Riki (100.), Iñaki Villoria iruritarra (102.), Txutxin (118.), Joxean Mitxelena lesakarra (120.) eta Jabi Urtiaga (126.).
Hurrengo froga Fiteron izanen da eta hurrengo asteburuan Zaragozan eta Bizkaiako Itzulian ibiliko dira Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta txirrindulariak. Taldetik garaipenen bat gehiago lortzeko esperantza badute ere, erraza ez dela izanen diote.