Baztan-Bidasoaldeko Solaslagunak, Iruñerriko Mintzalagunekin batera 2013-14 ikasturte honetako bigarren saio osagarria antolatzen hasi dira. Hain zuzen, Lesakako Linddurrenborda sagardotegiera ateraldia eginen dute martxoaren 15ean, larunbatarekin.
Eskualdeko Solaslagunak, Iruñerriko Mintzalagunak, Izarbeibarko Mintzakideak, Baztango AEKk, Malerrekako IKAk eta Bortzirietako IKAk parte hartuko dute ekimen honetan. Izan ere, saio hau erabat parte hartzailea izatea nahi dute gainera, harremanak lantzeko, euskal sareak hedatzeko eta gure inguruan eragin soziala izateko ere balioko du.
Autobusa Iruñetik etorriko da, Baztango eta Malerrekako jendea hartu eta Lesakarat abiatuko da. Behar izanez gero beratarrak ere bilduko ditu.
Izena eman behar da arestian aipatutako tokietan, martxoaren 7a baino lehen. Sagardotegia eta autobusaren prezioa 33 eurokoa da (26 euro sagardotegiko menua eta 7 euro autobusa). Autobusa 13:30ean pasatuko da Elizondotik eta 13:50ean Doneztebeko autobus geltokian izanen da. Autobusa etxera bueltan 20:30ean abiatuko da Lesakako plazatik.