Talde bisitariak sasoitsu aritu dira Bardoen bigarren asteburuan

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 17a

Leitzako Harrapazank eta Miluzeko barañetak larunbatean Leitzan. Herrikoak nagusitu eta bigarren puntua eskuratu zuten. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Leitzako Harrapazank eta Baztango Lepatanatuek bigarren puntua ere eskuratu dute

 

Bost saio jokatu ziren Bardoak taldekako txapelketaren bigarren asteburuan, Iruñea, Bera, Otsagabia, Leitza eta Gaintzan. Aurreko asteburuan gisara, giro eta bertso maila oneko saioak izan ziren guztiak, eta parte-hartzaileek zein bertsozaleek izugarri gozatu zuten.

Bost saio jokatu ziren Bardoak taldekako txapelketaren bigarren asteburuan, Iruñea, Bera, Otsagabia, Leitza eta Gaintzan. Aurreko asteburuan gisara, giro eta bertso maila oneko saioak izan ziren guztiak, eta parte-hartzaileek zein bertsozaleek izugarri gozatu zuten.

Ortziralean bi saio jokatu ziren, Iruñean eta Beran.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean Mirristi-Drimtim eta Sakanako Bilixkorriko izan ziren parte hartzen, bertan bildu zen 30 bertsozaleren aurrean. Azken orduko aldaketa bat izan zen etxeko taldean, Mikel Juanizek Unai Uberetagoena ordezkatu zuen bertsotan. Bapo merendatu ondotik, bi taldeek saio bizia eskaini zuten, azkenean Sakana aldera joan zen jokoan zen puntua.

Egun berean, Berako gaztetxean Bordboiak eta Iruñeko Bertze maldikoak taldeen arteko saioa izan zen. 60 lagunek segitu zuten saioa bertatik bertara, merendua eta gero ekin zioten kantatzeari. Etxeko taldean Jokin Pinatxo hamazazpi urteko gazteak debuta egin zuen Bardotan. Iruindarrek lortu zuten haien bigarren puntua, beraz hurrengo faserako sailkatu dira.

Larunbatean beste hiru saio jokatu ziren Bardoak ekimenaren barruan.

Otsagabiako Gartxot elkartera bisita egin zuen taldekako txapelketak, Iruñeko Xirristi Drimtim eta Leitzako Beti berandu ... ta gauz onik ez taldeekin. 50 bertsozalek lepo bete zuten elkartea eta bi taldetako bertsolarien burutazioekin gozatu zuten, izugarrizko harrera ona egin zioten ekimenari Otsagabian. Jokoan zen puntua Leitzara joan zen.

Gaintzan ere bistariek eraman zuten saioa. 40 lagun inguruk bete zuten herriko Sonbelu elkartea eta bertsotarako giro ezin aproposago jarri zuten. Etxekoak Mailopetarrak ziren eta zaleez gain, Larraungo bertso-eskolako kideen babesa izan zuten. Bisitariak, berriz, Baztango Lepanatuek 2, txipiroien itzulera eta Bardoak txapelketako haien bigarren puntua lortu zuten.

Azkenik, Leitzako Aurrera elkartean etxeko taldeak bigarren puntua lortu zuen. Leitzako Harrapazank taldea eta Barañaingo Miluzeko barañetak aritu ziren bertsotan, eta batzuk zein besteak gogo handiz aritu ziren. Leitzakoa ere saio jendetsua izan zen, 70 bertsozale inguru elkartu zen bertan.

Asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Bertze bortz saio izanen dira ostiraletik igandera Uitzi, Etxarri-Aranatz, Leitza eta bi Barañainen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun