Malerrekako pilota txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Donezteben

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 24a

Elite kategoriako irabazleak, Diaz eta Iturriaga, San Migueldarren artean. Foto Zaldua

Oberenako Diaz eta Iturriagak erraz irabazi zioten elite mailako finala Esain eta Tabar-i

Malerrekako eskuz binakako hamabigarren pilota txapelketako finalak jokatu ziren otsailaren 22an, larunbat goiz eta arratsaldez, Doneztebeko udal pilotalekuan. Beharbada, uste baino borroka guttiago izan zen final gehienetan, jubenil mailakoan izan ezik, gehienak garbi xamar erabaki baitziren.

Malerrekako eskuz binakako hamabigarren pilota txapelketako finalak jokatu ziren otsailaren 22an, larunbat goiz eta arratsaldez, Doneztebeko udal pilotalekuan. Beharbada, uste baino borroka guttiago izan zen final gehienetan, jubenil mailakoan izan ezik, gehienak garbi xamar erabaki baitziren.

Larunbat goizean, jokatu ziren hiru kategoria ttikienetako partidak.

Benjaminetan, Lazkaoko Iribarria eta Zubizarretak 18 eta 2 irabazi zieten Ilunpeko Arzallus eta Arrizabalagari.

Alebinetan, Ardoiko Etxague eta Igoak 18 eta 8 irabazi zieten Ilunpeko Egiguren eta Alberdiri.

Infantiletan kategorian, Zazpiturriko Osa eta Zubeldiak 18 eta 7 irabazi zieten Añorgako Orbegozo eta Oliden-i.

Ohikoa denez, Santamaria jatetxean bildu ziren txapelketako antolatzaile, laguntzaile eta partehartzaileak. Bazkalondoan, bertze lau kategorietako finalak jokatu ziren.

Kadeteen kategorian, Lazkaoko Zubizarretak eta Ilunpeko Alberdik 18 eta 4 irabazi zieten Oberenako Garcia eta Cordón-i.

Jubeniletan, erran bezala, ikusi zen finalik orekatuena. Azkenean, Markinako Zubikarai eta Urizar rek 22 eta 20 irabazi zieten Tartaloetxeko Matxin eta Aranguren-i.

Bigarren mailako seniorretan, Oiarpeko Hernandez eta Imazek 22 eta 9 irabazi zieten Andoaingo Escudero I eta Elustondori.

Elite mailako kategoria nagusian, azkenik, Oberenako Diaz eta Iturriagak lau tantutan utzi zituzten Buruzgaingo Esain eta Huarteko Tabar, 22 eta 4.

Sari banaketan, Miguel San Miguel Doneztebeko alkatearekin batera, Julen San Miguel erremontelari profesionala eta Jon Jaunarena eta Mikel Olazabal esku pilotari profesionalak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun