Saio jendetsuak eta giro ederra izan dira Bardoen lehen asteburuan

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 11

Xirrixtiko Xabier Zarraluki eta Zortzikorik handienako Maddalen Lopez, ortziraleko Lesakako saioan. Nafarroako Bertsozale Elkartea

Lesakan, Zubietan eta Erratzun aditu ziren lehenbiziko bertsoak

Ortziralean jarri zen martxan Bardoak taldekako txapelketa, lau saio jokatu ziren ia aldi berean Nafarroako lau herritan: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Larunbateko bi saioak Iruñean egin ziren.

Ortziralean jarri zen martxan Bardoak taldekako txapelketa, lau saio jokatu ziren ia aldi berean Nafarroako lau herritan: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Larunbateko bi saioak Iruñean egin ziren.

Lesakako Linddurrenborda sagardotegiko gibeleko jangela betea zela ospatu zen Bardoak 2014ko lehen kanporaketa. Etxekoen taldean, Zortziko haundienan, Maddalen Lopez, Iban Garro eta Eneko Fernandez aritu ziren. Xirrixiti Drimitimkoen agur landu eta atseginean taldekide ugarik parte hartu zuten, eta bertsotan, Xabier Zarraluki, Martin Azpiroz eta Mikel Xabier Juaniz aritu ziren. Bertso ilunabar polita pasatzeko aukera eskeini zuten bertsolariek, eta azkenean lesakarren aldera erori zen saioa.

Giro polita ere izan zen nagusi Zubietako estalpeko saioan. Arratsaldeko 8etan merendua izan zen eta ondotik bertso saioa, guztira 45 lagun elkartu zirelarik bertan. Saio antolatzailea Etxeko kontuk izan zen eta talde gonbidatua, berriz, Mirristi Drimtim. Bertsolariek harrera beroa jaso zuten saio osoan zehar, bertso saio polita atera zen eta etxeko taldea izan zen nagusi.

70 lagun inguruk Erratzuko Zubipunta ostatuan hartu zuten aterpe. Ostatua gainezka zegoen eta bertso-merendua arina eta bizia izan zen. Ondoko saioa parekatua izan zen. Bertsotan Baztango Lepanatuek 2 eta Barañaingo Barardoak. Etxeko taldea izan zen lehen puntua eraman zuena epaile eta publikoaren iritziz.

Arbizun 90 lagunek bete zuten Argibide elkartea, Sakanako Bizkorratxiko eta Leitzako Harrapazank taldeen saioa segitzeko. Saio hasieran herriko Erik musikariak giroa berotu zuen, eta horren ostean hasiera eman zioten bertsolarien jardunari. Saio bizia eta umoretsua izan zen eta aipatzekoa Joanes Ilarregi gazteak egin zuen saio dotorea, 15 urterekin, bikain moldatu zen. Azkenean leitzarrek haiekin eraman zuten jokoan zegoen puntua.

Larunbateko bi saioak Iruñean izan ziren, Alde Zaharrean eta Txantrean. Zaldiko Maldiko elkartea bete zuten bertan elkartu ziren 60 lagunek. Iruñeko Bertze maldikoak eta Larraungo Paalletan Mocedades izan ziren oholtza gainean. Larraungo taldean jendaurrean lehen aldiz aritu ziren bi bertsolari izan ziren, Joana Ziganda eta Luis Mari Larreta. Bertsolari guztiek maila ona eman zuten eta azkenean Iruñeko taldearentzat izan zen saioa.

Txantreako Auzotegin jokatu zen asteburu emankor honen azken saioa, etxeko 12 obario eta 11 pedrada eta Mailopetarrak taldeekin. Han ere 60 bertsozale elkartu ziren saioarekin gozatzeko. Mailopetarrak taldean Aitor Irastortzak lehen aldia zuen jendaurrean eta ederki gainditu zuen proba. Txantrearren taldean Erika Lagoma, Irati Majuelo eta Saioa Alkaizak kantatu zuten, eta azkenean haientzat izan zen saioa.

 

Asteburuan segida izanen du Bardoak ekimenak, bertze bost saiorekin. Ortziralean Beran eta Iruñean; eta larunbatean, Otsagabian, Leitzan eta Gaintzan.

 

Otsailak 14, ostirala

• Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, 20:00etan, bertso-merendua Mirristi Drimtim (Xabier Terreros, Unai Uberetagoena, Asier Saragueta) – Bilixkorriko (Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza, Alain Iriarte, Unai Artieda)

• Berako gaztetxean, 21:00etan, bertso-merendua Bordboiak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru, Jokin Pinatxo) – Bertze maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika, Oscar Sanz de Acedo)

 

Otsailak 15, larunbata

• Otsagabiako Gartxot elkartean, 14:00etan, bertso-bazkaria Xirristi Drimtim (Martin Azpiroz, Xabier Zarraluki, Migel Anjel Ortiz de Guzman, Mikel Xabier Juaniz) – Beti berandu… ta gauz onik ez! (Ander Fuentes “Itturri”, Mikel Azpiroz, Iñigo Sagastibeltza)

• Leitzako Aurrera elkartean, 18:00etan, bertso-saioa Harrapazank (Migel Mari Elosegi “Luze”, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi) – Miluzeko barañetak (Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea, Iker Mundiñano)

• Gaintzako elkartean, 19:00etan, bertso-merendua Mailopetarrak (Oskar Estanga, Aritz Saragueta, Aitor Irastortza) – Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera (Kotte Plaza, Jon Barberena, Oier Amiano, Xabier Maia)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun