Luziano Mitxelena lesakarrak Master60 kategoriako Euskadiko txapelketa irabazi du

TTIPI-TTAPA 2014ko ots. 10a, 09:38
Luziano Mitxelena eta Ion Zeberio, Artziniegako probaren ondotik. Utzitako argazkia

Ion Zeberio elizondarra azpitxapeldun izan da master30 kategorian

Euskal Herriko master mailako txirrindularitza txapelketa jokatu zen otsailaren 8an Artziniegan (Araba). Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko Luziano Mitxelena lesakarrak master60 mailan txapela lortu zuen eta Ion Zeberio elizondarra master30 mailan azpitxapeldun izan zen, lasterketan 5. postua lortuz.

Euskal Herriko master mailako txirrindularitza txapelketa jokatu zen otsailaren 8an Artziniegan (Araba). Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko Luziano Mitxelena lesakarrak master60 mailan txapela lortu zuen eta Ion Zeberio elizondarra master30 mailan azpitxapeldun izan zen, lasterketan 5. postua lortuz.

140 txirrindulari inguru bildu ziren larunbat arratsaldean Artziniegako plazan Euskal Herriko txapelketari hasiera emateko; eguraldia lagun izan zuten, tarteka euria jasan behar izan bazuten ere. Hasieratik erritmo bizia eraman zuen tropel nagusiak eta ihesaldiak eskasak izan ziren lasterketaren lehen erdian. Orduan sortu zen zazpi laguneko ihesaldi bat, hala ere eguneko mendate bakarra igotzen hasi baino lehen harrapatu zituen tropelaren aitzinetik egin zen faboritoen taldeak. Mendietako mendatean Kepa Vallejo, Teo Casabal, Ivan Hevia eta Ivan Treceñok aitzinera egin zuten, atzetik zortzikote bat osatu zen eta hor zen Ion Zeberio.

Helmugan Vallejo garaile eta Euskal Herriko txapeldun izan zen Teo Casabal eta Heviaren aitzinetik, minutu erdira Ion Zeberio helmugaratu zen 5. postuan; master30 mailan Euskal Herriko txapelketan bigarren postua lortuz. Bigarren tropel batean helmugaratu ziren Ibon Urtiaga eta Txutxin Fernandez; hauen gibeletik iritsi ziren Jabi Urtiaga eta Luziano Mitxelena. Azken honek master60 mailan Euskal Herriko txapelketa lortu zuen.

Hurrengo astean Arabara bueltatuko dira Laudioko Sari Nagusian parte hartzeko. Berriro ere bortz taldekide joanen dira, Ibon eta Jabi Urtiaga anaiak, Luziano Mitxelena, Ion Zeberio eta Txutxin Fernandez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun