San Miguelekin ederki sufrituta eutsi dio Urrizak Masterreko txapelari

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 7a

Estu hartu zuen San Miguelek Urriza, baina txapela Iruñera joan zen berriz ere. Maialen ANDRES

30-28 irabazi zion Iruñekoak doneztebarrari

Orain arteko finalik gogorrena jokatuta, 30-28 irabazi zion Urrizak urtarrilaren 18an jokatutako Masters txapelketako finalean Julen San Miguel donezteba­rrari. Azken honekin, Urri­zak, banakako txape­lketetako azken lau txapelak jantzi ditu: Kutxa Torneoko azken biak eta Masterreko bertze biak.
 
Hirugarren aldia zen, banakako txapelketa bateko finalean aurrez aurre zirela Urriza eta San Miguel. Eta aurreko bietan bezala, Urriza izan zen nagusi. Dena dela, San Miguelek aurrekoetan baino gehiago estutu zuen eta ezustekoa emateko punttuan ere izan zen Doneztebeko atzelaria; 15-20, aurretik izan bai­tzen markagailuan. Hala ere, Iruñeko aurrelariak ongi erantzun zuen eta partiduari buelta ematea lortu zuen, 27-22ra ja­rriz. San Miguel hobeki ari zen jokatzen, gogor ematen zion pelotari eta ongi asmatzen zuen, baina hainbat huts egin zituen eta ez zuen asmatu zenbait tanto bukatzen. Hutsegiteek erabaki zuten lehia. U­rrizak lau egin zituen denera eta San Miguelek bederatzi. Partidua 27-22an erabakita zegoela zirudien, baina San Miguelek ez zuen etsi eta 28-27 estutu zuen markagailua. 29-28 ere jarri ziren, baina dejada batekin bukatu zuen partida Urrizak.
 
Pilotak aukeratzerakoan biziegiak iruditu zitzaizkion Urrizari, baina finalean ez zuten aparteko arazorik eman. San Miguelek 9 tanto egin zituen sakez, eta 2 falta. Urrizak 7 tanto egin zituen lehen pilotakadarekin, baina faltarik ez. Beraz, horretan ez zen alderik izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun