«Moto gainean nabilenean ez dago batxeak, lohia eta saltoak bertzerik»

Aitor AROTZENA 2014ko ots. 7a, 14:37

Juan Mari Goñi, Katalunian iaz egindako proba batean. Utzitako argazkia

Moto eta kotxe kirolak betidanik gustatu izan zaizkio duela 25 urte Beintzako Txilategian sortutako Juan Mari Goñi Albisturri. Afizio haundi horri eutsiz, otsailean hasiko den Espainiako moto-kros txapelketan parte hartuko du lehen aldiz. Halere, ez da konpetizioan murgiltzen den lehenbiziko aldia: Duela bospasei hasi zenetik, Frantzian, Holandan edo Katalunian barna ibilia baita. Espainiako txapelketak ahalik eta puntu gehien lortu nahi ditu, baina bertze konpetizioak ere ez ditu alde batera utziko.

Duela bospasei urte hasi zen mo­to-krosean ibiltzen eta konpetitzen Beintzako Juan Mari Goñi. 2013an Fran­tziako txapelketako proba ba­tzuk egin zituen, baita Aquitania Elite liga osorik egin ere, zor­tziga­rren postuan akituz. Katalunian Se­gre txapelketan lauga­rren postua lortu zuen iaz eta duela bi urte Holandan ere ibili zen konpetitzen. 

Juan Mari Goñik aipatu digunez, «nik etxean ez dut izan inor kirol honetan sartu nauenik eta hortaz pixkot berandu hasia naiz. Horretaz aparte, gure eskualdean ez da motocrossean ari­tzeko instalaziorik eta horrek zaildu egiten du kirol ikusgarri hau ezagutzea».

Gazteagoa zenean, 10-11 urterekin mendi-bizikletan eta eskolan egin ohi diren kiroletan ere aritu zen Goñi, baina motoan ez du ber­tze modalitaterik probatu: «Hau dut gustoko eta ez dut aldatzeko intentziorik», dio.

Frantzian, Holandan eta Espainian barna hain­bat probetan parte hartu du urteotan Bein­tzako moto gidariak, baina lehen aldiz izanen du Espainiako txapelketa osorik egiteko aukera. Helburuei dagokienez, «proba bakoi­tzean ahal den punturik gehien lor­tzea da asmoa, urte bukaeran postu on bat lortu ahal izateko. Zortzi proba dira eta Espainiako bazter guztietatik barna ibiliko gara, txapelketa garestia da hortaz, baina lesiorik ez baldin bada, espero dut denetan parte hartu ahal izatea».

Hain zuzen, lehen proba otsailaren 22-23ko asteburuan izanen du Albaidan (Valentzia). Ondotik, martxoaren 22-23an Talavera de la Reinan (Toledo), apirilaren 4-6an Valverde del Caminon (Huelva), maia­tzaren 17-18an La Bañezan (Leon), ekainaren 7-8an Alhaman (Mur­tzia), irailaren 20-21ean Malpartidan (Caceres), urriaren 11-12an Bellpuig-en (Lleida) eta urri­aren 25-26an Don Beniton (Badajoz) izanen dira probak.

Baliabide ekonomikoek eta egutegiak uzten dioten neu­rrian, bertze konpetizioak ere ez ditu alde batera utziko Beintzako moto gidariak, «hori etorri ahala ikusiko dugu».

KIROL GARESTIA

Izan ere, motor kirol guztiak bezala, kirol garestia da motocrossa ere. Juan Mari Goñik jakinarazi digunez, «urtero bi moto edukitzen ditut eta mantenimendu handia eskatzen dute konpetitu ahal izateko, ezin duzu deus alde batera utzi. Horretaz aparte, probak egin eta entrenatzeko kilometro ugari egiten dira. Egia da laguntza batzuk baditudala, baina ez esponsor ofizialik. Gainera, zenbat eta postu hobeak lortu, gehiago nahi izaten da eta hori au­rrera eraman ahal izateko esfortzu handia egiten dugu bai nik, baita nire amatxik eta amak ere». 

Baina esfortzu ho­rren gainetik, motoan dabilenean sentitzen duen atse­gina dago. Beintzako gidariak erran digunez, «kirol hau hain gustoko izanda, moto gainean nagoenean ez dut ber­tze mundurik sumatzen: batxeak, roderak, lohia eta saltoak bakarrik. Gauzak zailtzen diren neu­rrian gehiago eskatzen diozu zure buruari eta ho­rrek erakar­tzen dit, konpetizioa atsegin dut. Edozein kirol eginez gero, ez dakit konpetitu gabe egoten». Alde txarrena, be­rriz, lesioak dira, «eta motoarekin erraza izaten da lesioak gertatzea edozein erorketan».

Akitzeko, Juan Mari Goñik eskertu nahi ditu laguntza eskaintzen diotenak: «Etxekoak, Jose Luis Martinez pilotoa eta bere familia, Txomin Irazoki fisioterapeuta, mx-arvi.es tailerra, Six Days Villaba moto denda, ER-4 konpetizio taillerra eta JMC competición».

KONPETIZIOA ATSEGIN
«Gauzak zailtzen diren neurrian 
gehiago eskatzen diozu zure buruari eta horrek erakartzen dit, konpetizioa 
atsegin dut. Edozein kirol eginez gero, 
ez dakit konpetitu gabe egoten»


LESIOEN ARRISKUA
«Kirol guzietan alde txarrena lesioak dira eta motoarekin 
erraza izaten da lesioak gertatzea edozein erorketan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun