Bera inguruan N-121-A errepideko zola berritu eta radarra paratuko du Nafarroako Gobernuak

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 7a

Bortz urtez 45 istripu izan diren arren, errepide zati hau ez da istripu aunitzeko lekua Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.. Artxiboko argazkia

Sustapen Departamentuak “erdizkako soluzioa” hartu duela eta zonaldean gutti inbertitzen dela salatu dute udal ordezkariek

Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinegotziak Luis Zarraluqui Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariarekin elkartu ziren otsailaren 6an, ortzegun goizean, N-121-A errepidearen egoera aztertzeko. Bileran, Departamentuak bide-zola, seinaleak eta balizamendua hobetzeko egin nahi dituen jarduerak azaldu zituen eta Bera inguruan radarrak jartzeko asmoa azaldu zuen. Udal ordezkariek “soluzio osoa eta sakona” eskatu zuten errepidearendako.

Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinegotziak Luis Zarraluqui Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariarekin elkartu ziren otsailaren 6an, ortzegun goizean, N-121-A errepidearen egoera aztertzeko. Bileran, Departamentuak bide-zola, seinaleak eta balizamendua hobetzeko egin nahi dituen jarduerak azaldu zituen eta Bera inguruan radarrak jartzeko asmoa azaldu zuen. Udal ordezkariek “soluzio osoa eta sakona” eskatu zuten errepidearendako.

Departamentutik, kontseilariarekin batera, Ignacio Nagore Herri Lanetako zuzendari nagusia eta Zaintzeko Zerbitzuko langile teknikariak izan ziren bileran. Udalen aldetik, Marisol Taberna Berako alkatea, Severiano Txoperena Lesakako alkateordea, Amets Inda Sunbillako alkatea, Alberto San Miguel Oizko alkatea, Garbiñe Elizegi Baztango alkatea, Gloria Agerri Doneztebeko alkateordea eta Florentino Goñi Baztango Udaleko Herri lanetako zinegotzia izan ziren bileran.

Kontseilariak N-121-A errepideko Berako tartean (64-66 PK) bide-segurtasuna hobetzeko Departamentuak egindako proposamenen berri eman zien, izan ere, urtarrilaren 23an, bi pertsona hil ziren trafiko-istripu batean. Proposamenaren barrenean sartzen da seinale bertikalak zein horizontalak hobetzea. Hortaz, 13 seinale berri jarriko dira, arriskuaz oharatarazi eta abisatzeko, eta informaziorako panel osagarriak. Gainera, norabidea adierazi edo erreiak hautatzeko geziak eta gelditzeko marrak pintatuko dira. Bertzalde, zola berrituko da eta ibilgailu geldoentzako erreia laburtu eginen da, eta galtzadaren ertzean zabalera ere itxi eginen da.

Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkarien ustez, neurri egokiak izan arren, ez dira nahiko errepidearen arazoa moldatzeko. Hortaz, «soluzio sakona eta osoa» eskatu zuten, izan ere «arazo handia duen errepide batean partxeak jartzen ari dira bata bertzearen ondotik». Soluzioa ematerako orduan errepidearen trafiko handia eta ibilgailuen abiadura kontuan hartu behar direla jakinarazi zuten. «Neurri hauekin egoera hobetuko da, baina ez da arazoa soluzionatuko». Beraz, bileratik «erdizka» atera zirela aipatu zuten. Garbiñe Elizegi Baztango alkatearen erranetan, «Nafarroako Gobernutik gastatzen diruak alde batera uzten du gure eskualdea. Errepide honi lehentasuna eman beharko litzaioke, trafiko eta istripu kopuru handia duelako».

Sunbillako bidegurutzeei buruz ere galdegin zioten kontseilariari, baina obra hori lehentasunen artean dagoen arren, aurten ez omen dago aurrekontuan horretarako dirurik.

Bileran, tarte horretako bide-segurtasunari buruzko azterlana eguneratu dela jakinarazi zitzaien udaletako ordezkariei (urtero egiten da ofizioz Nafarroako Errepide Sare osoan). Departamentuak dioenez, Berako errepide zati hori ez da istripu aunitzeko tartea eta galtzadaren itsaspeneko datu guztiek Sustapen Ministerioak gomendatutako mugak gainditzen dituzte (guztira 204 neurketa-puntu).

 

Istripuak eta arrazoiak

Sustapen Departamentuaren datuen arabera, 2009ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra, 45 istripu izan dira N-121-A errepideko tarte horretan. Horietatik hamarretan zaurituak izan ziren, baina ez zuten heriotzarik eragin. Hauek izan ziren istripuen faktoreak: kasuen % 44tan abiadura ezegokia, % 27tan arreta nahikorik gabe gidatzea eta % 24tan eguraldi txarra. Neurri txikiagoan, honako hauek izan ziren faktoreak: kontrako erreian arauen aurka sartzea (% 7), segurtasun-distantzia ez gordetzea (% 7), alkoholaren edo drogen kontsumoa (% 2) eta matxura (% 2).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun