Oraingoz 23 kirolari federatu eta 16 ez federatu dituen Triatloi sekzioa aurkeztu du Errekak

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 7a

Igande honetan aurkeztu dute Kasino elkartean Erreka elkartearen triatloi sekzio berria. Gorka Bidegain taldekideak aipatu digunez, «23 kirolari federatu eta bertze 16 ez federatu  izanen gara taldean. Taldekideak Sunbilla, Elizondo, Arizkun, Lekaroz, Mugairi, Iruñea, Elgorriaga eta Doneztebekoak gara... Hiru emakume ere baditugu taldean».
 
Orokorrean taldearen helburuak Euskadiko eta Nafarroako probetan parte hartzea izanen da, duatloi eta tria­tloietan... «Talde berria denez, hori izanen da helburua, parte har­tze horiekin taldea beste urteetarako sendotzea» dio Bidegainek.
 
Kirolari bakoi­tzak bere helburu partikularrak ere baditu, «hala  ba­tzuk duatloietan parte har­tzea dute helburu, ber­tze batzuk triatloi olinpikoetan, eta bakarren batek, iron man batean..». Horiei guztiei eta ondotik etorri nahi dutenei babesa emanen die Errekako Triatloi sekzioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun