Urtarrilako azken asteburuan izan ziren inauteriak. Euria ortzilaz geroztik ez zen gelditu baina igandean ateraldi ederra egin zuen eta karrozen desfilerako primeran etorri zen.
Ortziralean 29 gaztek eman zieten hasiera inauteriei Ariztigain kanpinean gosalduz. Ondotik baserrietara joan ziren bi taldetan banaturik. Talde bat Joxe Angel akordioiolariarekin eta bertzea Modestorekin. Exkenekoborda eta Istola baserrietan bazkaldu zuten urteroko ohiturari eutsiz.
Arratsaldean eskolako haurrek desfile ttikia egin behar izan zuten eguraldiak ez zielako batere lagundu. Goitiko eskolatik beheitiraino etorri eta denak elkarrekin frontoiraino joan ziren, musikaren laguntzaz. Han ikuskizun ederrak eskaini zituzten. Ondotik frontoian musika izan zuten dantzan disfrutatzeko.
Gauean emakumeen txanda ailegatu zen. Afarira joan baino lehen herrian barna aukera izan zen Josi edo Urratu txarangek jotako musikaz gozatzeko. 104 emakume elkartu ziren Ulibeltzak elkartean besta ederra egiteko. Gazteek bitartean Itturburun afaldu zuten.
Larunbatean berriz herriaren txanda ailegatu zen. Herrian barna eskean ibili ziren Beñat Mitxelena akordeoilaria lagun zutela. Fondan bazkaldu zuten eta Elortxurin afaldu. Arratsaldean haurrek Ulibeltzak elkartean musika izan zuten.
IGANDEA, EGUN HAUNDIA
Bukatzeko egun haundia, igandea. Eguraldia lagun, gazteen hiru karrozekin hasi zen desfilea. Lehendabiziko karroza, tortillarena, aurten berritu dute eta gazteek eskerrak eman nahi dizkiete lanean parte hartu dutenei. Ondoren saldarena eta segidan taloak gaztarekin, gaztainak eta ardoa. Guztira 1.400 arraultza, 350 litro salda, 85 kilo gaztain, 150 litro ardo, eta 600 talo 8 barra haundi gaztarekin. Aurten karrozek buzoitxo bat zuten borondatea emateko eta 400 euro bildu ziren. 6.680 boleto ere saldu ziren, desfilearen ondoren zozketatzen diren zerria eta bildotsarentzat. Hainbat karroza izan ziren: Territorio Komantxe, Alibaba eta 40 lapurrak, Teo baserrian, Lehengo kontrabandisten bizimodua, Lucky luke y los Dalton, Bar 2 karabana, Batukada desesperada, Konkistara bueltan, Twister, Ezkontza errumaniarra, Alaska eta Mario eta kainoi batekin elurra bota eta gazteak eskiatzen zuten karroza.
ZOZKETA
Behin desfilea bukatuta zerri eta bildotsaren zozketak egin ziren eta biak ez ziren oso urrutira joan. Zerria 5177 zenbakiarekin Xabier Petrirenak eraman zuen. Bildotsa bi aldiz zozketatu zen eta bigarrenean Mari Paz Gelbentzuk eraman zuen. Boletoak saltzen Jesus Mari Jorajuria, Braulio Sanchez eta Joseba Alzuri aritu ziren. Ondoren Ulibeltzak Elkartean bazkaria eta musika Santxotenaren eskutik. Asteburu ederra izan zen. Eskerrak inauterietan parte hartzen duten guziei, baina berexiki lanean aritzen direnei. Lan ederra baitago guzi horren atzean. Zorionak.
DATUAK
1.400
ARRAULTZA
erabili zituzten tortilak banatzen zituen karrozarako. Horretaz gain, 350 litro salda, 85 kilo gaztain, 150 litro ardo eta 600 talo banatu zituzten. Zerriaren eta bildotsaren zozketarako 6.680 boleto banatu ziren.