Baztan-Bidasoaldeko landa etxe gehienak elkartzen dituen Hiruak Bat elkarteak pasa den 2013. urtearen balorazio positiboa egiten du. Estatistika ofizialek Nafarroako ipar-mendebaldeko landa turismoaren jautsiera islatzen badute ere, bazkideen ustez, 2012ko okupazioaren jautsiera latzaren ondotik, 2013. urtean mantendu egin da edo igoera ttiki bat ere nabaritu da. Gehiago zehazteko, urteko lehen seihilabetekoa ez zen ona izan, baina bigarrenak orekatu egin zuen urtea.
Elkarteko erreserba zentraleko datuen arabera, landa etxe osoek uztailean %71ko okupazioa izan zuten, abuztuan %92koa eta iraileko lehenengo hamabostaldian %27koa eta gelakako landa etxeei dagokienez, uztailean %56-ko okupazioa izan zuten, abuztuan %87koa eta iraileko lehenengo hamabostaldian %3koa. Gainontzekoan, maiatzeko okupazio bajua eta urriko igoera nabarmentzen dira.
Urtaroen arteko desberdintasuna hagitz nabarmena izaten segitzen du, izan ere erreserben %85 udan (eta gero eta gehiago abuztuan), Aste Santuan eta zubietan pilatzen baita.
Otsailaren 4an, oraindik Hiruak Bat elkarteko bazkide ez diren landa etxeetako jabeekin informazio bilera deitua zuten Bertizen.