Asteburu honetan abiatuko da Bardoak 2014 Nafarroako taldekako bertso ekimena. Guzira 16 taldek hartuko dute parte eta 60 bertsolari aterako dira plazara, inoizko kopururik handiena. Saio kopurua ere ez da nolanahikoa, bi hilabetetan 23 saio izanen baititu taldekako txapelketak.
Lehen fasea otsailaren 7tik otsailaren 23ra jokatuko da, 16 saiorekin. Hamasei taldeak bortz ligaxkatan banatuta egonen dira eta ligaxka bakoitzeko talde bana pasako da bigarren fasera. Martxoan eginen den bigarren fase honetan sei saio eginen dira eta bertatik, Lesakan apirilaren 12an jokatuko den finalerako hiru talde sailkatuko dira. Arratsaldeko saioa izango bada ere, egun osoko besta eguna bihurtuko da. Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hitzordu bilakatu da, eta Bardoak 2014ko final honek ere lehiaz harago dagoen bertsolaritzaren festa handia izaten segitu nahi du.
LEHEN SAIOAK
Gure inguruan egin behar diren saioei dagokienez, otsailaren 7an Lesakako Linddurrenbordan, 19:30ean, Zortziko haundiena (Eneko Fernandez, Iban Garro, Josu Sanjurjo, Maddalen Lopez) – Xirristi Drimtim (Martin Azpiroz, Xabier Zarraluki, Mikel Xabier Juaniz, Migel Anjel Ortiz de Guzman).
Zubietako estalpean, 20:00etan, Etxeko kontuk (Iker eta Egoitz Gorosterrazu anaiak, Amaia Elizagoien) – Mirristi Drimtim (Xabier Terreros, Unai Uberetagoena, Asier Saragueta).
Erratzuko Zubipunta ostatuan, 21:00etan, Lepatanatuek 2, txipiroien itzulera (Kotte Plaza, Jon Barberena, Oier Amiano, Xabier Maia)– Barardoak (Mikel Lasarte, Ainara Ieregi, Sarai Robles, Manex Mailharin).
Otsailaren 14an, Berako gaztetxean, 21:00etan, Bordboiak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo, Aitor Elexpuru, Jokin Pinatxo) – Bertze maldikoak (Ainhoa Aranburu, Aimar Karrika, Oscar Sanz de Acedo)
Otsailaren 15ean, Leitzako Aurreran, 18:00etan, Harrapazank (Migel Mari Elosegi Luze, Iñigo Ibarra, Joanes Illarregi)– Miluzeko barañetak (Ander Baiano, Ander Perez, Mintxo Astiz, Pablo Perez, Edurne Errea, Iker Mundiñano).