errepideak heriotzak eta kezka eragin ditu berriz ere

TTIPI-TTAPA 2014ko otsailaren 6a

Bortz herrietako alkate-zinegotzien agerraldia eta gizarte eragileek deitutako kontzentrazioa. Utzitako argazkia

Burlatako bi anai hil ziren urtarrilaren 23an

N-121-A errepidean izandako azken istripuak direla-eta, Bortzirietako udaletako ordezkariek behingoagatik neu­rri eraginkorrak har di­tzan eskatu zioten Nafarroako Gobernuari  «normaltasunetik urru­ti gertatzen diren istripu kopuru altu eta larri hauen aurrean». Erre­pide honetan azterketa bat gauzatzea eskatu zuten, «jada identifikatuak dauden puntu arris­kutsuetako lurzoruei eta istripuetan eragiten duten hainbat faktoreei dagokienean».
 
Istripuak eragiten dituzten faktoreen artean, kamioiek abiadura mugak ez errespeta­tzea dagoela adierazi ondotik, Nafarroako Gobernuak erantzunkizuna eta konpromezua hartzea eskatu zuten, «etorkizun hurbil batean, errepide honek eragiten dituen istripu larriak mu­rriztu eta orokorrean erre­pidearen egoera eskualdeak merezi duen modura egokitzeko».
 
 N-121-Ako Zalaingo zatian azterketa sakona egitea ere eskatu zuten, «ikusita lurzoruan begi bistakoa den arazo bat dagoela, maiz gertatzen diren istripu larri­ak horren adierazle dira. Abiadura mugak murriztu eta muga hauek errespetatzen direla ber­ma­tu behar da».
 
Urtarrilaren 25ean, 300 bat lagun bildu ziren Zalaingo gasolindegi ondoan, gizarte eragile eta sindikatuek deitutako kontzentrazioan,  Istripu gehiagorik ez! N-121-A konponbideak orain! goiburupean. «Bortzirietan bizi garenok nekatuak gaude, nazkatuak, eta aldi berean beldurtuta gure erre­pide nagusian gertatzen denaren aitzinean» adierazi zuten.
 
Otsailaren 6an bilera bat egitekoa dute Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek sustapen kontseilariarekin.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun