Asteartean Santa Ageda bezpera ospatu zuten Baztan, Bera, Lesaka eta Goizuetan. Batzuetan, ikastolako ikasle eta irakasleak atera ziren kantuan eta Goizuetan, herritarrak, musikarien laguntzarekin.
Elizondon, makila eskuetan zirela atera ziren ikasle, irakasle eta gurasoak.
Beran ere, azken urteetako ohiturari eutsi eta Ikasle, guraso, atatxi-amatxi, irakasle eta ikasle ohiek parte hartu zuten giro ederrean herria alaituz. Geldiune bakoitzean Santa Agedaren kantaz gain Patxi Kastillo eta Egoitz Gorosterrazuk bertso dotoreak bota zituzten. Gainera, ikasle talde batek akordeoi eta panderoekin alaitu zuten ibilbidea. Aspaldiko ohitura zahar honi akabila emateko, ikastolan gurasoek egindako berendu goxoa dastatzeko aukera izan genuen.
Lesakan, Tantirumairu ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak, karrikaz karrika ibili ziren, aurtengoan lehen aldiz ikastetxeko txistulari eta atabalarien doinuen laguntzarekin eta Andra Mari Zahar Etxekoak ere bisitatu zituzten.
Goizuetan, azkenik, 25 bat lagun atera ziren Santa Ageda bezperan. Hauen artean, bertsotan aritu ziren Josu Garmendia, Esteban Arozena, Fernando Goia eta Juanan Lekuona, trikitixarekin Olaia eta Aizpea eta panderoa jotzen Oihane eta Janire. Ikusi argazkiak