Nafarroako iparraldean haize zakarra ibiliko dela iragarri dute eta hortaz, haizeak mugi dezakeen gauzak ongi eustea edo etxebizitzen kanpoaldetik kentzea eskatu du Nafarroako Gobernuak, arriskua saihesteko. Estatuko Metereologia Agentziak alerta laranja egoera ezarri du Kantauri ixurialdean, otsailaren 4tik, astearte eguerditik, otsailaren 5era, asteazken goizaldeko 6etara. Pirinio aldean abixua hori mailakoa da. Haizeak, orduko 90 kilometroko abiadura har dezakeela iragarri dute.
Nafarroako Larrialdi Agentziak (ANE) zenbait aholku eman ditu haizeak sortutako istripuak saihesteko. Honela, leiho eta ateak ixtea, toldoak kentzea eta kanpoko aldean izaten ahal diren gauzak, lorontziak, aulkiak eta gisakoak kentzea edo ongi eusteko eskatu dute.
Oinezkoei dagokienez, eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden etxe inguruetan ez ibiltzea aholkatu dute, ezta erortzeko arriskua duten andamio, garabi edo zuhaitz inguruetan ere. Kanpoan, surik ez pizteko aholkua ere eman dute.
Ibilgailuren bat gidatuz gero, galtzadara eror daitezkeen gauzei adi gidatzeko, bolantea tinko eusteko eta abiadura murrizteko eskaria egin dute, batez ere ibilgailu astunekin gurutzatzerako orduan.