Inauteri ofizialak ailegatzeko asko faltan den arren, gure herrian inauteriak ospatu ditugu eta ongi pasa izanaren arrastoa gibelean utzi dute aurtengoek ere. Argazkiek eta kalean sortutako giroa dira umore on horren adierazle. Aste betez, askorako eman dute aurtengoek ere: herritarrek, antolatzaileek, eskolako haur, guraso eta irakasleek gozatu ederra hartu dute.
TTIKIENAK ERE INAUTERIZALE
Pulunpa eskolakoek ostiralean ospatu zuten inaute eguna. Eguerdian denak bazkari berezi batean elkartu eta ondotik mozorro, joaldun eta musikaren txanda izan zen. Hotza eta euriari ere ederki egin zioten aurre txokolate beroarekin.
ITURENEN EGUN HANDIA
Ondorengo egunetan eguraldia ez zen ederrena izan, baina joaldun, mozorro, karroza eta herritarrak ez ziren aterpean geratu. Sekulako joaldun koadrila bildu zen, astelehen eta asteartean: astelehenean denera 56 joaldun elkartu ziren Iturenen, 22 Iturengoak, 18 Aurtizkoak eta 16 Zubietakoak. Adin guzietakoak, neska eta mutil, joareak dotore jo zituzten, nahiz eta euriaren eraginez, soinua ez zela ohikoa izan azaldu zuten aunitzek. Haiekin batera, Iturengo eta Aurtizko hartzak eta kontzaileak joan ziren, bidea garbitu eta irekitzen eta jendeari sustoren bat edo beste emanaz.
KARROZA ETA MOZORRO AUNITZ
Karrozak ere ez ziren falta izan. Zubietatik hiru etorri ziren , tartean hain estimatua den talogileen karroza. Aurtiztik berriz Aurtizko baserritarrak iñautitan ere labin, Aurtizko gadafitarrak Guantanamon, Nafarroako medikuntzari kritika… Iturenen ere baziren Mendaurko bizilagunak.....hainbat eta hainbat mozorro eta musikari kuadrilak. Bitxikeria bezala erran, mozorroetako batzuk abortatzera atzerrira joan behar izan zuten emakume haurdunez jantzi zirela. Eta guzti hauei bazterretik begira ere jende dexente bildu zen plazan. Asteartean, berriz, zubietarrei egin zitzaien bixita eta bezperako bestak segida izan zuen.
ASTEAZKENEAN HERRIAN BESTA
Bi egun haundien ondotik herrian bertan bizitu ziren ondoko egunak. Asteazkenean puxka biltzen ibili ziren herritarrak eta Aurtizko neskek joariak jarri eta azken urteetan indartzen ari den ohiturarekin segiz, herrian barna ibili eta gero Ituren eta Zubietara egin zuten bisita.
ASTEBURUKO EKITALDIAK
Inauteriei bukaera emateko, Iturenen kontuen eguna izan zuten larunbatean. Dantzariak, herritarren arteko proba konbinatua, bertso bazkaria eta nola ez parranda. Aurtitzen berriz, larunbat gauean zaharren afariarekin elkartea topera bete zen eta juergak goizalderarte iraun zuen. Igandean kontuak pagatu ondotik, bazkariarekin bukaera eman zitzaien aurtengo inauteei. Orain 2015ko inauterien zain geratzen gara, hori bai, bitartean ondoko herriko inauterietaz gozatuz.