1994az geroztik, Nafarroako Mendialde osoan banatu izan da Etxetik Plazara aldizkaria. Euskara etxean eta paper gainean pixka bat lantzeko aukera ematea izan da aldizkariaren helburua. 136 ale iritsi dira irakurleen etxeetara, baina hemendik aurrera Leitzaldea eta Urumealdekoek ez dutela jasoko jakinarazi dute. Krisiaren eraginez, iparraldeko mankomunitateak dirulaguntza ukatu du eta ondorioz, ia 7.500 ale kaleratzetik 4.470 ale kaleratzera pasako dira. Baztan, Bortziriak eta Malerrekako herritarrengan ez du eraginik izango neurriak eta orain arte bezala Ttipi Ttaparekin batera Etxetik Plazara aldizkaria jasoko dute.