Zubietako Inauteri Asteartearekin akitu dira joaldunen harat-honat jendetsuenak

TTIPI-TTAPA 2014ko urt. 29a, 11:01

Mozorroen zakarkeriekin gustora ikusle batzuk eta bertzeak ikaratuak. Izaskun Zubialde

Asteazkenean kontuen eguna izanen dute Zubietan eta larunbatean eta igandean Iturenen eta Aurtitzen

Inauteri Asteartean Zubietara bildu ziren Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak, bezperan Iturenera egindako bixita itzuliz eta joaldunen harat-honat jendetsuenei behinipein akabila emanez. Ikusi Izaskun Zubialderen argazkiak

Inauteri Asteartean Zubietara bildu ziren Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak, bezperan Iturenera egindako bixita itzuliz eta joaldunen harat-honat jendetsuenei behinipein akabila emanez. Ikusi Izaskun Zubialderen argazkiak

Beti bezala, errota ingurura bila atera ziren zubietarrak eta hiru herrietako joaldunek bat egin eta Zubietako plaza ingurura sartu ziren. Bezperan Iturenen bezala, nahikoa lan izan zituzten mozorroak uxatzen. Hauek gisa guzietako karrozak aurkeztu zituzten, batzuk Iturenera joan zirenak, baina bertze batzuk berriak ere. Plazan paratutako zuhaitzan, zenbait azienda ageri ziren kaioletan zintzilikatuak eta bi behi ere plazaratu eta jeitzi zituzten. Mozorro batzuk iratze, ote, ezpel eta arto metak irudikatu zituzten. Juan Carlos Erregeari eta bere alaba eta suhiari ere epaiketa egin zieten zubietarrek “fundamentuz”, bertze batzuk Zubietako aldaira egin zuten… eta ohikoa denez, bertze batzuk nolakoa ziren azaltzea ere ezinezkoa suertatzen da.

Erran bezala, joaldunen harat-honat jendetsu eta famatuenak pasa dira, baina oraindik ez dira inauteriak akitu. Izan ere, Inauteri Astelehen eta Asteartean hainbat bixitari hurbiltzen dira herri hauetara, baina ez da bi egunotan akitzen inauteria. Zubietan, erraterako, asteazkena izaten da inauterietako azken eguna. Bazkaldu ondotik kontuak egiten dituzte eta ondotik joarea jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita eginen diete ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek asteazkenean bazkaria izaten dute eta arratsaldean etxez etxe ibiliko dira joare eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dituzte elkarteetan.

Otsailaren lehena, larunbateko kontuen eguna izanen da Iturengo inauterietako azkena. Egun horretan ez dute joarerik joko. Bazkaria izanen dute Herriko Etxean eta bazkaldu aitzinetik herriko dantzariak, bertsolariak eta aizkora apustua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria izanen dute.

Aurtitzen igandean eginen dituzte kontuak eta xaharren afaria ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun