Inauteri Astelehena izan zen Ituren, Aurtitz eta Zubietan eta ohiturari eutsiz, Iturenera bildu ziren hiru herrietako joaldunak. 56 izan ziren guzira, 22 Iturengoak, 18 Aurtizkoak eta 16 Zubietakoak eta horiekin batera, ttiki batzuk ere atera ziren. Ikusi argazkiak
Aurtengoan, izpiritu txarrak bai, baina euririk ezin izan zuten uxatu, egun osoan gogotik egin baitzuen. Honela, joare soinuak apalago aditu ziren, baina euriak ezin izan zituen erabat itzali. Goizetik Iturengo eta Zubietako Herriko Etxeko ganbaretan eta Aurtizko elkartean beraien arropak janzten aritu ziren joaldunak, joareak ongi estutu gerrian, ttuntturroa buruan paratu, isopua eskuetan eta ongi gosaldu zuten.
Mozorroak bere aldrebeskeriak plazan egiten zituzten bitartean, Iturengo Joaldunek, LazaroErregerena eta Javier Bereau buru zutela, Latsaga aldera jo zuten, Aurtitz eta Zubietakoekin bat egitera. Elkar agurtu ondotik, denek elkar hartu zuten, pausua bateratu eta Iturengo plazara hurbildu ziren.
Zubietako taldean, berriz, bi emakume zeuden, Juli Loiarte eta Ane Antso ama-alabak. Taldeko ttikienak, Markel Ariztegi eta Izei Bereau, hiru urteko itturendarrak ziren.
Iturengo plazara hurbiltzerakoan, nahikoa lan izan zuten joaldunek mozorroak uxatzen. Gisa guzietako jantziak ikusi ziren. Baita jantzi handirik behar ez zutenak ere, kaltzontzillo hutsean, aurpegia estali eta ardilarrua, ttuntturroa edo gonazpikoa bertzerik ez zutela ibili baitziren mozorro batzuk joaldunen ondoan. Baina pertsonai ilustreagoak ere izan ziren. Juan Carlos erregea eta Urdangarin suhia ikusi ziren Iturengo plazan, baita Barack eta Michelle Obama senar-emazteak ere edo Mariano Rajoyk gidatutako astotaxia. Haurdun zeuden emakume batzuk maletak ere prestatuak zituzten, atzerrira abortatzera joateko… Pussy Riot taldekoak, Guantanamon gillotina agertzen zuen karroza eta bertze hainbat mozorro ikusi ziren.
Joaldunek ongi merezitako hameketakoa izan zuten Herriko Etxeko Ganbaran eta bertze itzulixka baten ondotik, Astearterako indarrak gordetzera joan ziren. Asteartean Zubietaren txanda izanen da, eta bertan harrera eginen diete hiru herrietako joaldunei eta mozorroei.