2013 urteko balantze positiboa egin du Hiruak Bat landa etxeen elkarteak

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 24a

Hiruak Bat elkarteak erreserba zentrala on-line dauka. Argazkian, zerbitzu honen aurkezpen eguna. Artxiboko argazkiak

Urte hasiera kaxkarra orekatu zuen bigarren seihilekoak

Baztan-Bidasoaldeko landa etxe gehienak elkartzen dituen Hiruak Bat elkarteak pasa den 2013. urtearen balorazio positiboa egiten du. Okupazio estatistika ofizialek Nafarroako ipar-mendebaldeko landa turismoaren jautsiera islatzen badute ere, bazkideen ustez, 2012ko okupazioaren jautsiera latzaren ondotik, 2013. urtean mantendu egin da edo kasu batzuetan erreserben igoera ttiki bat ere nabaritu da. Gehiago zehazteko, urteko lehenengo seihilabetekoa ez zen batere ona izan, baina bigarrenak orekatu egin zuen urtea.

Baztan-Bidasoaldeko landa etxe gehienak elkartzen dituen Hiruak Bat elkarteak pasa den 2013. urtearen balorazio positiboa egiten du. Okupazio estatistika ofizialek Nafarroako ipar-mendebaldeko landa turismoaren jautsiera islatzen badute ere, bazkideen ustez, 2012ko okupazioaren jautsiera latzaren ondotik, 2013. urtean mantendu egin da edo kasu batzuetan erreserben igoera ttiki bat ere nabaritu da. Gehiago zehazteko, urteko lehenengo seihilabetekoa ez zen batere ona izan, baina bigarrenak orekatu egin zuen urtea.

Egia da, prezioak urte dexentez berdin mantendu direla eta hau bezeroek eskertzen dute, baina orain, jabeentzako marjina ttikiagoa da, izan ere gastuak igotzen joan baitira eta hobe pentsatu behar dira egin behar diren inbertsioak.

Elkarteko erreserba zentraleko datuen arabera, landa etxe osoak uztailean %71ko okupazioa izan zuten, abuztuan %92koa eta iraileko lehenengo hamabostaldian %27koa eta gelakako landa etxeei dagokienez, uztailean %56-ko okupazioa izan zuten, abuztuan %87koa eta iraileko lehenengo hamabostaldian %3-koa, bertze alojamenduetakoak baino altuagokoak diren zenbatekoak direlarik. Urtearen gainontzeko egunetan, maiatzeko okupazio bajua eta urriko igoera nabartzentzen dira.

 

Bezeroen %85a udan

Urtaroen arteko desberdintasuna hagitz nabarmena izaten segitzen du, izan ere erreserben %85 udan (eta gero eta gehiago abuztuan), Aste Santuan eta zubietan pilatzen baita. Hala eta guztiz ere, denboraldia luzatzeko lana egiten ari da, bezero atzerritarren kopurua igotzen saiatuz. Alojamendua azken orduan eta gau guttiagotarako erreserbatzeko joerak ere jarraitzen du eta gero eta gehiago bilatzen dira ere eskaintza bereziak dituzten alojamenduak.

Gaur egun, landa etxeen funtzionamendua aunitz aldatu da, 1991. urtean aktibitatearekin hasi zenetik eta esfortzu handiagoa egin behar da, bezero kopuru berdina lortu ahal izateko. Elkarteko bazkideak, gero eta gehiago profesionalizatzen ari dira, bezeroen eskaera berrietara egokitzeko, wi-fi konexioa bezalako zerbitzu berriak gehituz, sare sozialetan aktiboki parte hartuz edo eskaintza bereziak eginez alojamenduaren prezioan, landa etxeen ezaugarri nagusi den arreta pertsonal berdina eskaintzen jarraitzeaz gain. Egokitzapen hau, formazioa eta gainontzekoetatik bereiztea nahitaezkoa bihurtu da aurrera ateratzeko, azken urteetan zonaldean gertatzen ari den alojamendu eskaintzaren igoerarengatik gehienbat.

Hiruak Bat elkartetik, Bertiz Partzuergoko laguntzarekin, hainbat ekintza aurreikusi dituzte 2014. urterako. Hauetako aunitz, ohikoak bihurtu direnak dira iada, turismo ferietara joatea, gida turistiko osotuena den “Baztan-Bidasoko Baliabide gida”ren argitalpena, elkarteko www.baztan-bidasoa.com web orria etengabe hobetzea, bertzeak bertze.

Aurten, garrantzi berezia izango du formazioak, izan ere ohikoak baino ikastaro gehiago aurreikusten baitira, aktibitate guttien dauden hilabeteak aprobetxatuz. Urtarrila eta Otsaila Online Marketing-ari eskainiak egongo dira, web orri on bat edukitzeko eta bere posizionamendua hobetzen ikasteko, internetek dituen promozio aukerak ezagutzeko (blog-ak, argazkiak, mapak, bideoak, portalak…), web orrien kontrola eramatea hobetuz joateko eta sare sozialei ahalik eta probetxu gehien ateratzen ikasteko hitzaldi eta tailer praktikoekin bertzeak bertze. Martxoa, bezeroarekiko arreta hobetzeko eta honi buruzko esperientziak konpartitzeko izanen da eta Aste Santu ondotik, udaberria aprobetxatuko da argazkilaritza ikastaro bat egiteko, kalitatezko baliabide propioak edukitzeko eta honela establezimenduen irudi ona mantentzeko helburuarekin.

 

Oraindik kide ez direnentzako informazio bilera otsailaren 4an

Elkarteak, gure bailaretako landa turismoa etengabe hobetzeko apustua egiten du, baina garrantzitsua da bide honetan sektore guztiak parte hartzea, izan ere gero eta baliabide gehiago eduki, zerbitzu hobea eskaintzen ahal baita eta indar gehiago egin, gauden egoera honetatik ateratzeko. Hau dela eta, informazio bilera bat antolatu da Bertiz Partzuergoko bulegoetan, elkarteko filosofiarekin bat egiten duten, baina oraindik partaide ez diren landa etxeetako jabeentzat, datorren otsailaren 4an, asteartea, arratsaldeko 4etarako. Bileran, Hiruak Bat elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen eta zonaldean elkarrekin lan egiteak dituen abantailen inguruko informazioa emanen da. Bazkide ez diren establezimenduetara informazio zehatza bidaliko den arren, Baztan-Bidasoan araututako landa etxe bat duen eta interesa duen guztia gonbidatuta dago. Parte hartzeko, 948 59 23 23 telefonora deitu edo info@baztan-bidasoa.com helbidera idatzi egin behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun