Xanti Utergak eta Ionek irabazi dute erremonteko binakako txapelketa

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Xanti Uterga eta Ion txapeldunak, Urriza eta Endika azpitxapeldunekin. TTIPI-TTAPA

Profesionaletan lehen txapela da Doneztebeko aurrelariarentzat

Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek irabazi zuten binakako erremonte txapelketa ofiziala, Urtezahar eguneko finalean Galarretan Urriza eta Endikari 31-40 irabazi ondotik. Gisa honetara, Doneztebeko aurrelariak laneko istripu larria gainditu eta txapelketa honetan zurmioko bihurdura izan ondotik, profesionaletako lehen txapela lortu zuen, debutatu zuenetik kasik 12 urte pasatu eta gero. Finaleko pilotaririk onena ere Uterga izendatu zuten.

Halere, Urriza tartean izanik, gorriak atera ziren faborito, baina 1-0koan bakarrik izan ziren aitzinetik. 1-11ko partzialarekin ihes egin zuten urdinek eta alde horri eutsi zioten ondotik., nahiz eta 7-11koan edo 18-23koan hurbil­tzea lortu zuten gorriek. Baina partidaren biga­rren erdian bikain ibili zen Uterga eta berriz ere aldea lortu zuten urdinek. Doneztebeko au­rrelariak 19 tanto egin zituen eta huts baka­rra. Endika saldiastarra urduri hasi zen, baina gero ongi moldatu zen gibeleko koadroetan, nahiz eta markagailuari buel­ta emateko berandu izan ordurako.

Profesionaletan hameka urte eta erdi eman ondotik eta azken urtean lan istripu larri baten ondorioz kantxetatik kanpo egon eta gero, lehen txapela lortu du Xanti Utergak. «Espero dut azkena ez izatea» zioen Doneztebeko au­rrelariak finala akituta. Gainera, istripu haren ondotik, frontoia eta bizitza ere bertze begi batzuekin ikusten dituela onartu du Txibik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun