152 korrikalarik parte hartu zuten Donezteben UrteZahar egunean Errekak zortzigarren aldiz antolatutako San Silvestre herri lasterketan. Lehenik ttikienek egin zuten korrika eta gero helduek, 3,5 kilometroko ibilbidea. Gizonezkoetan, azken urteetan bezala, Iñigo Arregi doneztebarra nagusitu zen eta emakumezkoetan Teresa Jadraque doneztebarra.
Iñigo Arregik 11 minutu eta 21 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren Santi San Miguel izan zen (11’27”) eta Joseba Larralde beratarrak osatu zuen podiuma (11’31”).
Emakumezkoetan, Teresa Jadraquek 14 minutu eta 45 segundo behar izan zituen hiru kilometro eta erdi egiteko. Ana Zelaieta bigarren izan zen (14’16”) eta hirugarren postua Maria Telletxearendako izan zen (14’36”).
Lasterketaren ondotik, 24 lote zozketatu ziren eta sari banaketa egin zen. Bertan izan ziren Niko Mindegia eta Ibai Meoki eskubaloi jokalariak, Ana Juanenea La Caixaren izenean, Oskar Mindegia zinegotzia eta Errekako zuzendaritza batzordeko Pascual Bertiz.
ELIZONDO ETA LESAKA
Elizondoko San Silvestrearen bosgarren edizioan 290 korrikalari izan ziren (helduak 170, haurrek 120). Emakumezkoetan Iraizozko Vanesa Pacha nagusitu zen, Irungo Idoia Pico eta Gironako Isabel Bielsaren aitzinetik.
Gizonezkoetan, Rafa Maritxalar lesakarrak irabazi zion azken sprinta Elizondoko Iñaki Telletxeari. Irungo Carlos Garcia 3. izan zen.
Lesakan ere partehartze polita izan zen Herrirak bigarren urtez antolatutako Bortzirietako elkartasun lasterketan.