Errebirako Añak alaitasun eta umore ezin hobean ospatu du berriki bere 90garren urtemuga. Horren karietarat herriko ostatu batean bildu da Añak eta Mattin Haltza zenak sortu duten familia elgarrekin bazkaltzeko eta "Zorionak zuri!" kantatzeko. Besta hortan izan da lore, opari eta zonbat gauza bitxi oroitarazteko parada: 90 urtez Añak 32.873 egun, 1.080 hilabete eta 4.697 igande ikusi dituela!
Bertzalde, ondoko lerroetan ageri dira urtebetetzearen kari kantatuak izan zaizkion pertsuak. Kopla horiek gogoratzen dute Aña Arantzan sortu zela, Nafarroan, 1924ko urtarrilaren 11an eta hiru urtetan Senpererat joan zela bizitzerat familiarekin. Añaren gurasoak eta anai-arrebak: Lorenzo, Miguel, Koxe Mari, Frantxixku, Concepcion eta gazteena Aña bera Leonen Bordan lehenik eta gero Kamietan plantatu ziren. Gauza harrigarria haurzain zelarik Miarritzen bonbardaketaren lekuko xuxena izan zen 1944ko martxoaren 27an. Ondoko hazilaren 22an Mattin Haltza zenarekin ezkondu zen eta elgarrekin familia sortu zuten. Laborantzak eta fedeak gidatu dituzte bien urratsak. 90 urtetan erretiroaz goxatzen da orain Aña inguruan familia duelarik.
BOTA BERTSOA
Airea: Iduzki denean
AMATXI AÑAK 90 URTE
Aspaldikoa da zure sortzea_Arantzan
Nafarro Lapurdi, hobetze esperantzan
Senperen plantatu, biziki laketu, kantuz eta dantzan
Beldurrik ez lanean, ta bizi osoan, azkarki laborantzan
Mundu bihurria, bonba, nigar, uholde
Jainkoak lagundurik bazoaz bidez bide
Denen laguntzaile, maitasun emaile, pastiza egile
Sabel goxatzaile, dudarikan gabe, hoberena zu zare!
Urtemuga besta ez zaukula itsusi
Menderat bidean, ederra bezain bitxi
Zerutik begira, goraintzi ta irri ari da Aitatxi
Goresmenak Ama, bihotzez eskerrak, maite zaitu(g)u Amatxi!