Aspaldiko ohiturari eutsiz, herriko zenbait familiek txerria hiltzen hasi dute urtea. Zehazki, urtarrilaren 13an, astelehenarekin, bi txerri hil zituzten Barranka ostatuko nagusiek, bat 256 kilokoa eta bestea 200 kilokoa.
Festa goizeko 8:30 aldera hasi zen, euri finaren azpian. Zerriak hil ondotik sua piztu zen, erre eta garbitzeko. Kanalean ireki eta gero, legeak agintzen duen moduan, animali bakoitzaren zatitxo bat eraman zen Leitzako albaiteroak aztertzeko. Hamarrak aldera geldialditxo bat egin zuten, emakumeek prestatutakoa dastatzeko. Izan ere, txerribodatan zerri-hiltzailearen eta laguntzaileen lana goraipatzen da, baina lanik gogorrena eta isilena emakumeek egin ohi dute, sukaldean odola nahastuz, odolkiak eginez eta lehenbiziko puskekin gosaria prestatuz. Barrenak atera eta zutikako posturan jarri zituzten txerriak, berriz ere jangelara bildu baino lehen. Beste urteetan, arratsaldez zatitu egiten zituzten txerriak eta berriz ere afaldu eta ordu txikiak arte musean ematen zuten gaua. Aurten ez dute afaririk egin.