Laister gure herriko xoko, bazter eta belarrietara joare soinuak iritsiko dira, nahiz eta urtero bezala, Errege bezperan aurrerapen ttiki bat izan genuen.
Urtarrilaren azkenera iristen garenean hainbeste maite ditugun besta haundiak iristen dira, inauteriak. Aste guziko besta izanen da Ituren eta Aurtizko karriketan, joare soinu, mozorroen harat eta honatak, akordeoilariaren nota eta soinuak… baina gehienbat umore eta giro ederra bizituko dira.
Ortzegunean puxkak bilduaz hasiera emanen zaie inauteriei, asteburuan segituz asteazkenera arte. Egun borobilenak edo handienak astelehena eta asteartea izaten dira. Astelehenean Iturenen bilduko dira eguerdi partean bertako joaldunak Aurtitz eta Zubietakoekin batera, koadrila ederra osatuz. Joare soinu eder eta bikaina entzungo da, tartean mozorro, musika eta karrozekin batera. Asteartean, berriz, Zubietan bilduko dira joaldun, mozorro, akordeoilari eta karrozak.
Nahiz eta bi egun hauetan kanpoko jende aunitz ibiltzen den, gainerako egunetan ere sekulako herri giro bikaina izaten da gure herriko bazter hauetan. Asteazkenean puskak bilduaz eta mahai inguruan goxatuz, egun pare batez atsedenaldia ematen zaie inauteriei.
KONTUEN EGUNAK
Iturendarrek otsailaren 1ean kontuaren egunarekin bukaera emanen diote aurtengo inauteriei. Larunbat horretan egun guziko ekitaldiak izanen dituzte. Aurtizen, berriz, larunbat horretan baina gauean elkartuko dira zaharren afarian berriz ere inauterien bestaren segida izateko. Dantza artean pasatuko dute gaua eta biharamonean berriz ere elkartuko dira, kontuak ordaindu eta bazkari batean bukatuko dituzte ospakizunak, inauterietan gertatutakoetaz mintzatzen.
Herriko inauterietan Pulunpa eskolakoek ere beraien parte hartzea izanen dute, ostiralean mozorro eta trikitixa soinuekin, joaldun ttikien herriko kalejira eginen dute, egun guziko egitarauaren barrenean.