Gainean ditugu inauteriak eta ale honetako gehigarri berezian topatuko duzue egitarauaren berri. Baina besta giroarekin bat eginez, Herriko Ostatuan ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Urtarrilaren 24an, beste urteetako inauterietako irudiak agertzen dituen ikusentzunekoa erakutsiko dute, ostiral gaueko 9ak aldera. Urtarrilaren 25ean, larunbat gauerdian hasita festa mexikarra izanen da, Puro Relajo taldearekin. Igandean inauteriak hasiak izanen dira, baina gauerditik aitzinera Tororo DJ ariko da.
Beste aldetik, inauterietan sukaldeak garrantzi handia du. Azken urteetan bezala, Patxiku Mitxelenak eginen du buru eta laguntzaileak Mari Joxe Loiarte eta Angelita Otxandorena izanen dira. Batzuk festa egiteko besteek lana egin beharko dute gogotik.