Nafarroako Sagardotegi denboraldia Linddurrenbordan ireki dute

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 23a

Sagardo berria dastatu zuten Patxi eta Donato Larretxea anaiak Linddurrenbordan. Juan Mari ONDIKOL

Dolarea elkarteko sagardotegiek 200.000 litro egin dituzte

Urtarrilaren 10ean, Lesakako Linddurrenborda sagardotegian egin zen Nafarroako sagardotegi denboraldiaren hasiera ekitaldia. Donato eta Patxi La­rre­txea anaiak izan ziren sagardo berria, Txi­rrita izeneko Kupelean azken hilabeteetan ondutako zukua, dastatzen lehenak.

Denboraldiko lehendabiziko txotxa egin au­rretik, Jo ala Jo taldeko Xabi Torres, Oianko Garde eta Beñat Etxaba­rrik kirikoketa joz eman zioten hasiera ekitaldiari. Unai Arriagak aurreskua dantzatu zuen ondoren, Patxi Larraldek txirula eta ttunttunarekin lagunduta. Larretxea anaiek sagardoa dastatu eta oniritzia eman ondotik, Linddurrenbordara hurbildutako lagunek ere txotx egiteko aukera izan zuten. 

UZTA ESKASA

Aurtengoa uzta eskaseko urtea izan dela azaldu dute baina hala ere, 200.000 litrotik goiti ekoiztea lortu dute Dolarea elkartea osatzen duten sagardogileek. Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea. Lesakako Linddu­rrenborda sagardotegian, 25.000 litro inguru egin dituztela aipatu digu Juan Mari Lopez nagusiak, «azken urteetan bezalatsu». Bertze sagardotegietan kanpoko sagarra ekarri behar izan badute ere, Lesakakoan dena bertako saga­rra­rekin egin dutela aipatu digu, «Lesakatik, Doneztebetik, Arantzatik eta Oiartzundik eka­rria». Lehendik ere bitan ireki da Nafarroako sagardotegi denboraldia Linddurrenbordan. 2000. urtean Andoni Egaña bertsolariak ireki zuen eta 2004an Sebastien Gonzalez pilotari azkaindarrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun