Demografia datuak

Eskualdeko biztanleria datuak, azken neurketetan ere argi gehiegirik ez

Eneritz IRAOLA 2014ko urt. 23a, 09:22

Zugarramurdi (-23 bizt.) eta Ezkurra (-13 bizt.) beherakada handiena jasan duten herriak

Errolda datuak eskuetan, batuketarik egin ezina da eskualdeko herri aunitzen buruhaustea.  Berriki kaleratutako neurketen arabera, 2013 hasieran 27 herrietatik 18k aurreko urtean baino herritar gutxiago zituzten erroldan, eskualdean denera 261 guttiago zenbatu dira. Gorakada nabarmen bakarra Elgorriagan izan da, 20 biztanle gehiago batuta.

Urte hasierarekin batera kaleratzen dituzte errolda datu ofizialak. Bertan, herri bakoitzean aurreko urteko urta­rrilaren 1ean erroldatuta zeuden biztanleen kopurua zehazten da. Hala, 2013ko urtarrilaren 1eko datuak eman dituzte be­rriki jakitera eta eskual­dean, azken urteetako joerari eutsiz,beheiti doa datu dan­tza. TTIPI-TTAPAren eremuko 27 he­rrietatik 9k bakarrik lortu dute biztanle kopurua igo­tzea. Zehazki, Bera, Donamaria, Elgorriaga, Etxalar, Goizueta, Sara, Urdazubi, Urroz eta Zubietan izan da goraldia. Igoera nabarmenik ez ordea, biztanleriaren % 9,76ko igoera izan baitu gehien hazi denak, Elgorriagak; 205 biztanle izatetik 225 izatera iri­tsi dira. 

Inoizko kopururik baxuenetan

Txanponaren beste aldean, Arano, Aran­tza, Areso,Beintza-Labaien, Ber­tizarana, Ez­kurra, Ituren, Oiz, Saldias eta Sunbilla daude. 1900 urtetik honat izan dituzten ­errolda daturik baxuenak bildu dituzte 2013 hasieran. Datuak kezkagarriago bihur­tzen dira, herririk kaltetuenak, au­rrez ere, biztanleria tasa baxuena zutenak direlako. 300 biztanletik beheitiko bederatzi he­rri daude eskualdean eta hauetatik zortzik galdu dituzte he­rritarrak. Beherakada handiena jasan dutenak, Zugarramurdi eta Ezkurra izan dira, 23 eta 13 biztanle gutxiagorekin, hurrenez hurren. 

10 herritan historikoki bildutako herritar kopururik baxuena erregistratu zuten 2013ko urte hasieran.

Gibelera begira

Historian nahi baino urte gehiagoz egin behar da gibelera eskualdeko zenbait he­rriren goraldiak ikusteko. Eskual­deko 7 herritan adibidez, 1920an jasoak dira daturik altuenak: Arano, Arantza, Areso, Bertizarana, Donamaria, Era­tsun, Igan­tzi eta Urrozen. Ordutik aurrera, sorgin gurpila bilakatu da herri hauentzat biztanleriari ezin eutsia.

60. hamarkadaren bueltan kanpotarrak erakarri eta bertakoak he­rrian gera­tzea ahalbidetu zuen eskualdeko industriak izandako goraldiak. Ez zuen luzaroan iraun ordea, sektoreak aldaketa sakona bizi eta automatizazioak lanpostu mu­rrizketa eragin zuen. Egungo krisiak ere ez du lagundu, Baztango herriak ere jo ditu gogor. Horrek, jendea Gipuzkoara eta Nafarroako bes­te ingu­ruetara joatea eragin du.

Ez dute hala ere eskualdeko egoera maku­rrena bertan bizi. Basaburu ttikia, Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdi dira daturik bel­tzenak biltzen dituztenak. Sor­tzeek herio­tzak oreka­tzeko gaitasunik ez eta erakarpen gaitasun u­rria dute.

Gorantz egin dutenak

Sara eta Senpereko bizilagun kopuruak nabarmen egin du goiti azken hamarkadetan. Igoera horretan, eragin handiena izan duena kanpoko jendearen eto­r­rera izan da.

Bortzirietako datuei erreparatuz gero, 1981etik honat biztanleriari eustea lortu duela erakusten digu grafikoak, baina egiaz, Beran bizi izan duten gorakadak ahalbidetu du hori, 50. hamarkadatik honat ia %40 hazi baita. Aran­tza, Etxalar, Igantzi eta Lesakan beheiti egin dute datuek, batzuetan nabarmenago bertzeetan erreskan. Berako kasuan, Irungo hurbiltasunak eta Alkaiaga-Zalaingo industria guneak eskain­tzen dituen lan aukerak azaldu dezakete bizi duen goraldia.

Malerrekan berriz, Doneztebe salbuespena da. Azken urtean, 13 biztanle guttiago dituen arren, 1960ko biztanleria kopurua (836 biztanle) bikoiztu egin du (1.681 biztanle).

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun