Lau urteko ibilbidearen ondotik, bigarren diskoa kaleratu du Damba musika taldeak: Hautsi... eta izan zaitez zu. Doinu dantzagarria duten hamar kantekin osatu dute eta denak euskaraz dira. Gainera, autoekoiztua izan da, grabaketa, nahasketa eta masterizazio lanak ere eurek egin baitituzte. Euskal Herriko bazter aunitzetako kideek eta Kubako musikariek osatzen dute taldea, eta tartean dira eskualdeko hiru: Kristian Amorena saratarra, Estitxu Pinatxo beratarra eta Josu Erbiti leitzarra.
G. PIKABEA
Nolako taldea dugu Damba?
Taldea izpiritu bat da: konpartitzeko, ongi pasatzeko, aldarrikatzeko topagune bat, Babel bat non hizkuntzak eta musikari bakoitzaren jatorria nahasten diren. Horrek estilo propio bat sortzen du kantak egiterakoan.
Sorreratik nolako bilakaera izan du taldeak?
Lau urtez taldearen formatua aldatuz joan da. Hamaikako formula desagertuz joan da eta bederatziko formatuan zentratu gara, errazagoa delako eta baldintzak ikusiz egokitu behar izan dugulako, baina beti taldearen esentzia eta indarra mantenduz. Hagitz bloke sendoa lortu dugu. Behar duen egonkortasun eta heldutasun puntura ailegatu da taldea.
Zer aurkituko dugu azken diskoan?
Besta giroko doinuak, freskotasuna eta musika bizi bezain alaia. Aitziber eta Estitxuk [ahotsak] indar berezia ematen diote lanari. Bi abeslarien arteko kimika hagitz haundia da, eta nabari da horrek indar berezia ematen diola diskoari, baita zuzenekoei ere. Energia haundiko pertsonak dira eta dohain berezia daukate jendearekin komunikatzeko. Gaztetasunak errebeldia puntu bat ere ematen dio taldeari. Jendeak entzuten bagaitu eta guregana hurbiltzen bada, sorpresa ona hartuko duela uste dugu.
Zergatik izen hori diskoari?
Mezu zuzena eta argia eman nahi izan dugu, hautsi eskemak, errutina, estereotipoak eta benetan izan zaitez zaren bezala. Urte guttitan norbera bere nortasuna galtzen ari da, bidaiatuz konturatzen gara globalizazioak norberaren berezitasuna ezabatzen duela eta hori tamalgarria da. Norberak den eta egiten duenaz harro sentitu behar du.
Letretan eguneroko gaiak jorratu dituzue...
Testu irekiak dira, eta gai sozialak jorratu ditugu. Emakumeen indarra plazaratu nahi izan dugu bereziki letretan eta bai diskoaren azalaren kolorean ere. Kolore morea da, emakumearen kolorea eta indarra nabarmendu nahi izan ditugu eta emakumeen egoera soziala argitara ekarri. Horrez gain, estresa, eguneroko betebeharrak, maitasuna, droga menpekotasuna, kalean lan egiten duten artisten eta aitarengandik urruti bizi izan den haurraren inguruko abestiak ere baditugu. Abesti irekiak dira norberak bere hausnarketa egin ahal izateko.
Lehen diskoko kanta gehienak gazteleraz eta oraingoan denak euskaraz. Zergatik?
Lehenengo diskoko abeslaria madrildarra zen eta guretzat abestu behar duzun horri zentzua ematea garrantzitsua da. Duela bi urte hasi ginen Miren Amurizarekin letrak lantzen, baina ez ginen nahi genuen lekura ailegatzen eta horrek ez gintuen asetzen. Ondotik Elenak bertze bide bat hartzea erabaki zuen, eta Estitxurekin jarri ginen harremanetan. Orduan hasi ginen euskarazko letrak lantzen eta oraingoan letrei behar den zentzua ematea lortu dugula erran dezakegu.
Kanpoan aunitz ibili eta arrakasta izan duzue. Zer sentitzen duzue?
Euskal Herritik kanpo dezente ibili gara, Ekialdean, Afrika iparraldean... eta oraindik ere segitzen dugu. Gure berezitasun bat gauden lekuaren arabera, euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta gauza batzuk frantsesez komunika eta kanta ditzakegula da eta tokian tokiko publikoarekin konektatzen saiatzen gara.
Euskal Herrian nolako erantzuna duzue?
Euskal Herrian daukagun harrera ona da, baina oraindik ez gara aski ezagunak. Egiten dugun musikak oihartzun haundiagoa merezi du eta euskarazko lan honekin Euskal Herriko txoko guztietara ailegatu nahi dugu gure musika zabalduz eta zuzenekoak eskainiz.
DAMBA TALDEA
Estitxu Pinatxo beratarrak (ahotsa), Aitziber Estangak (ahotsa eta gitarra), Luis Puertok (ahotsa eta tronpeta), Kristian Amorena saratarrak (perkusioa eta bateria), Xabi Albisturrek (gitarra), Sam Balderdik (ahotsa eta teklatua), Mathieu Harambourek (baxua), Josu Erbiti leitzarrak (bateria eta tronboia), Peio Noisettek (soinu teknikaria) eta Nerea Hernandezek (komunikazioa) osatzen dute Damba musika taldea.