Joare soinuak hedatuko dituzte egunotan Aurtitz, Ituren eta Zubietan

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 24a

Mozorroek ere lana gogotik eginen dute egunotan. Artxiboko argazkia

Astelehenean Iturenera joanen dira joaldunak eta asteartean Zubietara

Ortzegunetik hasita eta asteburu osoan han eta hemen puxkak biltzen ibiliko badira ere, Aurtitz, Ituren eta Zubietako inauteriei sona eman dieten joaldunak astelehenetik asteazkenera ibiliko dira herriz herri joareak astintzen.

Ortzegunetik hasita eta asteburu osoan han eta hemen puxkak biltzen ibiliko badira ere, Aurtitz, Ituren eta Zubietako inauteriei sona eman dieten joaldunak astelehenetik asteazkenera ibiliko dira herriz herri joareak astintzen.

 

Ilbeltzak 27, astelehena

Goizean Zubietako joaldunek, mozorro eta karrozek lagunduta, bisita eginen diete aurtiztarrei lehenik. Herriari bira eman eta salda beroa hartu ondotik Iturenera joanen dira. Lasagako Zarandia parean, Iturengo joaldunekin elkartu eta herrian barna buelta emanen dute. Joaldunek aperitiboa hartzen duten bitartean, Iturengo plazan karroza bakoitzak eta mozorroek beren ikuskizuna eginen dute, joaldunek uxatu baino lehen.

 

Ilbeltzak 28, asteartea

Goizean Ituren eta Aurtizko joaldunek bisita bueltatuko diete zubietarrei, batzuen ustez natura ernatzeko eta uzta berri eta ugariak emateko egiten den ohiturari ­eutsiz.

 

Ilbeltzak 29, asteazkena

Zubietan egun hau izaten da inauterietako azken eguna. Eguerdian bazkaldu ondotik kontuak egiten dira. Ondotik joa­reak jarri eta Aurtitz eta Iturendarrei azken bisita egiten zaie ilunabarrean. Aurtiztar eta iturendarrek asteazkenean bazkaldu eta arra­tsaldean etxez etxe ibil­iko dira joa­re eta trikitilariekin. Ondotik afariak izanen dira elkarteetan.

 

Otsailak 1 eta 2, larunbata eta igandea

Kontuen eguna da Iturenen inauterietako azkena. Egun horretan ez da joa­rerik jo­tzen. Inauteriak akitu eta hurrengo larunbatean egin ohi da Iturenen, eta Aurtizen igan­dean. Iturenen bazkaria izanen dute Herriko Etxeko ganbaran. Bazkaldu aitzinetik herriko dantzarien saioa eta bertsolariak eta aizkora apustua izanen dira herriko plazan. Bazkaldu ondotik dantzaldia eta kontuen afaria. Aurtizen xaharren afaria eginen dute igandean.

 

Zubietako Herriko Ostatuan asteburu honetarako egitaraua

Besta giroarekin bat eginez, Herriko Ostatuan ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte asteburu. Urtarrilaren 24an, beste urteetako inauterietako irudiak agertzen dituen ikusen­tzunekoa erakutsiko dute, ostiral gaueko 9ak aldera. Urtarrilaren 25ean, larunbat gauerdian hasita festa me­xikarra izanen da, Puro Relajo taldearekin. Igandean inauteriak hasiak izanen dira, baina gauerditik aitzinera Tororo DJ ariko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun