Eusko Label Txapelketako binakako kanporaketa jokatu zen urtarrilaren 19an Almandozen eta Donato Larretxeak eta Felix Etxeberriak mendean hartu zuten Juanjo Lopezek eta Ruben Saralegik osatutako bikotea. Beteranoek, 22 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko. Garaipen honekin, A multzoko aurreneko postua lortu dute eta baita finalerdietarako txartela ere. Minutu eta 46 segundoko errenta atera zieten Lopez eta Saralegiri, azken hauek, denera 23 minutu eta 57 segundo behar izan baitzituzten lanak burutzeko. Igandeko irabazleez gain, Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamaresek lortu dute finalerdietarako pasea. Lopez eta Saralegiri garaipenak ez ezik, txapelketak ere egin die ihes igandean.
Beteranoen nagusitasuna
Sei modalitatetan hamabina enbor moztu behar izan zituzten bi bikoteek. 45 ontzako enborra zeinek lehenago moztu izan zen egin behar izan zuten lehenengo lana eta hauxe izan zen Lopezek eta Saralegik irabazi zuten proba bakarra. 43 kolpetan erdibitu zuten enborra eta hiruren aldea kendu zieten aurkariei. Baina, aurka zuten aldeari buelta eman eta sei segundoko tartea atera zieten Larretxeak eta Etxeberriak bigarren lanean. Hirugarren lana kana-erdikoa zutik jarrita ebakitzea zen eta proba honetan ere, Larretxea eta Etxeberria gailendu ziren bi minutu eta 10 segundoren aldea aterata. Segidan, txanda librean 60 ontzako enborra ebaki behar izan zuten. 2:26 izan zen beteranoek egindako denbora, 2:52 berriz bikote gaztearena. Jarraian, 45 ontzako bat zutik jarrita eta kanaerdiko bat etzanda erdibitu behar izan zituzten. 3:19 izan zen Etxeberria eta Larretxearen denbora eta 3:46 aurkariena. Amaitzeko, bi 45 ontzako, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. Irabazleek 11:53an bukatu zuten lana eta 12:39an aurkariek.