Orain arteko finalik gogorrena jokatuta, 30-28 irabazi zion Urrizak urtarrilaren 18an jokatutako finalean Julen San Miguel doneztebarrari. Azken honekin, Urrizak, banakako txapelketetako azken lau txapelak jantzi ditu: Kutxa Torneoko azken biak eta Masterreko beste biak.
Hirugarren aldia zen, banakako txapelketa bateko finalean aurrez aurre zirela Urriza eta San Miguel. Eta aurreko bietan bezala, Urriza izan zen nagusi. Dena dela, San Miguelek aurrekoetan baino gehiago estutu zuen eta ezustekoa emateko zorian ere izan zen Doneztebeko atzelaria; 15-20, aurretik izan baitzen markagailuan. Hala ere, Iruñeako aurrelariak ondo erantzun zuen eta partiduari buelta ematea lortu zuen, 27-22ra jarriz. San Miguel hobeto ari zen jokatzen, gogor ematen zion pelotari eta ondo asmatzen zuen, baina hainbat huts egin zituen eta ez zuen asmatu hainbat tanto bukatzen. Hutsegiteek erabaki zuten lehia. Urrizak lau egin zituen denera eta San Miguelek bederatzi. Partidua 27-22an erabakita zegoela zirudien, baina San Miguelek ez zuen etsi eta 28-27 jarri zuen markagailua. 29-28ra ere jarri ziren, baina dejada batekin bukatu zuen partidua Urrizak.