Julen San Miguel doneztebarrak eta Javier Urriza iruinsemeak buruz buruko Masters txapelketako finala jokatuko dute urtarrilaren 18an, larunbat arratsaldean Hernaniko Galarretan. Ortzegunean egin zuten pilota aukeraketan haserre agertu zen Urriza, pilota arinegiak jarri dituztelakoan.
Urrizak adierazi zuenez, «24 pilota zeuden aukeran eta niri komeni zaizkidanak lau besterik ez. Jokurako eta ikuskizunerako arinegiak ziren gainerako hogeiak». San Miguel sakalari ona dela azpimarratu du Urrizak eta pilota horiekin «15 tantu egin ditzake sakez, arrisku horixe dauka finalak».
San Miguel bere aldetik konforme gelditu zen saskian topatutakoarekin eta «pilota ezberdinen artean, non aukeratu bazegoela» aipatu zuen.
Doneztebarrak hilabete terdiz kantxetatik kanpo eduki duen lesio bat gainditu eta Urtasun menpean hartu zuen finalerdietan. «Lehenbiziko partidan ez nintzen eroso ibili –dio San Miguelek–, baina orain gustora nago, ez dut molestiarik sentitzen eta prest nago finalerako». Halere, Urrizaren kontra buruz buru jokatutako lau partidak galdu dituela kontuan hartuz, finala irabazteko arras ongi jokatu beharko duela onartu du.