San Antonek debozio handia du eskualdeko txoko ezberdinetan, eta honela, ospakizun eguna izanen da urtarrilaren 17a Elizondon, Lesakan edo Zubietan, bertzeak bertze. Lesakan, igandean ere erromeria giroa izanen da Endara auzoko San Anton baseliza inguruan.
San Anton Eguneko zozketa Elizondon
Elizondon, San Anton egunez, Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen alde egiten den zozketa izaten da eguneko berezitasuna. 13:00 aldera zozketatuko dira behia bere aretzearekin eta bertze aziendak, baina aitzinetik, eguerdian zopak banatuko dituzte eta bertsolariak ere lanean arituko dira plaza ingurua girotzen. Behia eta aretzea karrikaz karrika erakutsiko dituzte albinteek, musikarien eta behizainen laguntzarekin, zozketarako azken txartelak saltzen dituzten bitartean.
Gogoratu behar da zozketa honetako talonario bat ebatsi egin dutela Elizondoko Beti Jai ostatutik. Ondorioz, 6301etik 6400 zenbakira arteko boleto guztiak baliogabetu dituzte. Norbaitek zenbaki hauekin dauden boletoak baldin baditu Baztango Udalera eraman beharko ditu.
San Anton eguneko erromeria igandean Lesakan
Urtarrilaren 17a, ortzirala da San Anton Eguna. Abeltzain eta nekazarien egunaren seinale, egun horretan meza izanen da Lesakako Endara auzoko baselizan, 10:30ean eta 12:00etan. Baina ospakizunik handiena igandean eginen da, orduan bilduko baitira auzoan Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik etorritako mendizaleak, txirrindulariak, zaldunak eta nola ez, autoan joandakoak ere, goiza erromeri giroan pasatzera. Beti Gazte elkartea oinez joateko gelditu da goizeko 08:00etan plazan. Goizean, 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izanen dira mezak. Soinularia ere ariko da goiko plazan. Horretaz gain, taloak, erroskilak eta bertze erosteko modua izanen da. Arratsaldeko 5:30ean, herriko plazan musika izanen da, Bide Batez taldearekin. Bezperan, larunbat arratsaldean, soinulari taldea karrikaz karrika ibiliko da herrian.
Zubietan ere
Zubietako San Antongo baselizan ospakizuna eginen da aurten ere urtarrilaren 17an. Goizetik meza izanen da. Udalak pintxoak eta edariak ere banatzen ditu elizatarian. Arratsaldean, herriko estalpean musika izanen da, herriko musikariekin eta arratsean ere somatuko da egun berezia dela, aurten ere astegunez egokitu den arren. Duela urte batzuk baseliza berritu zenetik indar berriz ospatzen da San Anton eguna Zubietan.