2013ko kirol izendegia

TTIPI-TTAPA 2014ko urtarrilaren 9a

Jesus Alacid eta Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldea, Berako txupinazoan.

 ALACID, Jesus
1999an, hutsetik abiatuta, Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldea sortu eta orain 70 neska-mutiko ari dira kirol ho­rretan. Ekainaren 8an omenaldia eskaini zioten eta San Esteban bes­tetako txupinazoa bota zuen, taldekideekin batera.
 
 AMAIUR
Sokatira talde gaztetuak 640 eta 600 kiloko Nafarroako txapelketa irabazi ditu aurten. Lauko txapelketan ere 300 kilokoa irabazi zuen.
 
APUSTUAK
Apustu urtea izan da aurtengoa Donezteben.  Martxoaren 10ean Ruben Saralegi Xabier Mindegiari nagusitu zitzaion, 10 kanaerdiko eta 2 oinbikora. Martxoaren 24an, Patxi Etxebe­rriak eta Oihan Larretxeak Olasagasti menperatu zuten, 20 kanaerdikora. Urtea akitzeko, abenduaren 21ean, Alex Txikonek erronka bota zien Juan Telletxea eta Santi San Miguel doneztebarrei, zortzi kanaerdiko aizkoraz moztera eta 8 km lasterka egitera. Bikotea nagusitu zen.
 
 ARIZTEGI, Maika
Iturengo kirolari handiaren soka ez da eteten. Aurten, erraterako, Euskal Herriko koxkor bil­tze txapelketa irabazi du 13. aldiz eta Lizuniagako Igoera hamaseiga­rrenez.
 
ASTIZ, Ainhoa
Jubenil mailako Nafa­rroako eskubaloi jokalari onena izendatu dute BKTko jokalaria. Maia­tzaren 25ean jaso zuen saria Iruñean.
 
ATLETISMOA
Pistako atletismoan ari diren kirolari aunitzik ez dugu gurean, baina gazte mailako Euskadiko txapelketatik domina uzta polita ekarri zuten Irungo Txingudi taldean ari diren hiru bor­tziriarrek: Xabi Etxenike lesakarrak urrea lortu zuen pisu jaurtiketan eta 4x100 errelebeko lasterketan bertze ho­rrenbertze lortu zuen Andoni Arriola lesakarrak. Andoni Lazkanotegi beratarrak ezustean zilarra lortu zuen jabalina jaurtiketan.
 
DONEZTEBE
Baztan-Errekako laxoa txapelketaren 34. edizioan bere hemezortzigarren txapela jantzi zuen Doneztebek, Pascual Bertiz, Koldo Lega­rra, Javier Bertiz eta Jokin Arraztoarekin. Doneztebeko Bear Zanan abuztuaren 3an jokatutako finalean 9-5 irabazi zion Arraioz A-ri.  
 
EMAKUME PROBA
Ibarrako taldearekin Emakume Proban txa­peldun suertatu dira Estitxu Almandoz, Ainhoa Altzugarai eta Rakel Deskarga lesakarrak. Uda partean, emakume eta gizaseme arteko hainbat proba ikusi dira Areson, Goizuetan, Lesakan, Sunbillan…
 
ERREMONTEA
Lizasoren agurra eta Juanenearen debutaz gain hainbat berri utzi ditu erremonteak: Uterga kantxetara maila onean itzuli da, istripu la­rriaren ondotik eta 2012ko erregularrenaren saria jaso du; Etxe­berria III.ak Sagardoaren txapelketa irabazi zuen; Urtasunek Egu­be­rrietako eta Sanferminetako txapelketak irabazi eta frontoi labu­rrean 2012ko erremontelari onena izendatu zuten; Endika Urrutiak atze­lari moduan debutatu du; Olazarrek Promozio txapelketa irabazi zuen eta San Miguel Nafarroako txapeldun eta buruz buruko azpitxa­peldun izan da.  
 
ERRUGBIA
BRTren partiden lekuko izateaz gain, Lekarozko zelaiak Euskal Herriko errugbi txapelketa hartu zuen maiatzaren 25ean. Finalean Nafa­rroa Behereko taldeak 12-10 irabazi zion Zuberoako Barkoxeri. 
 
ETXEGARAI, Fernando
Urdazubi eta Sarako Kontrabandisten lasterketa, Sara Korrika, Euskal Herriko koxkor bil­tze txapelketa zortziga­rrenez… Beratarra ez da irabazteaz asper­tzen.
 
FAGOAGA, Itsaso
Espaniako Skeet Olinpiko txapelketa zazpigarren aldiz irabazi zuen. Nafarroako txapelketa eta Espainiako E­rregearen Kopa ere irabazi zituen.
 
GARRO, Juan Carlos
Lesakan jokatu zen mendi bizikletako Euskadiko XCM txapelketa eta ustekabean, 10 urte konpetiziotik kanpo eman ondotik, Berako txirrindulariak irabai zuen master-40 kategorian.
 
IBARGARAI, Xabi
Sanferminetako pala txapelketa irabazi zuen erratzuarrak Fustorekin.
 
IRAZOKI, Agoitz
Kontxako estropada irabazten duen eskualdeko lehen arraunlaria izan da lesakarra. Hondarribiarekin lortu du.
 
JAURENA, Saioa
Getxo eta Ohorezko mailako Bizkarians taldeetan ari den Elizondoko errugbi jokalariak Espainiako selekzioarekin debuta egin du.
 
JUANENEA, Aritz
20 urterekin debuta egin du saldiastarrak erremonte profesionalean. Lehen txapela ere lortu du, Nafarroakoa, San Miguelekin bikote eginez eta Sanferminetako finalera ere iritsi zen.
 
LARRALDE, Joseba
Txirrindula utzi eta mendi lasterketetan espezializatu da berata­rra. Camille Extreme gogo­rrean bigarren izan zen, Sarako Kontrabandisten lasterketan bezalaxe eta Nafarroako mendi lasterketa txapelketa irabazi egin zuen u­rriaren 26an Tafallan.
 
LIZASO, Iñaki
21 urteko ibilbide oparoaren ondotik profesionaletan azken partida jokatu zuen Doneztebeko erremontelari handiak abuztuaren 10ean. 2000ko buruz buruko txapela jantzi zuen eta lau urtez azpitxapeldun izan zen. Binaka ere zenbait txapel eskuratuak ditu, baina atzelarien joku moldea aldatzea izan da bere lorpenik handiena.
 
MENDI ERRONKA
ESAITek antolatutako Euskal Herria Mendi Erron­ka lehenbiziko aldiz burutu zen ekainaren 1ean Leitza eta in­guruko mendietan. 500 ko­rrikalaritik 366k lortu zuten bukatzea. Angel Arrieta (6:45.51) eta Leire Agirrezabala (8:24.08) izan ziren garaileak. Aurten ere Leitzan eginen da, maia­tzaren 31n.
 
MINDEGIA, Niko
Logroñoko NaturHouse taldean sasoi bikaina egin ondotik, Asobal ligatik Hungariakora salto egin du Doneztebeko eskubaloi jokalariak. Pick Szeged taldean bikain ari da.
 
NIEVE, Mikel
Euskaltel-Euskadi taldea desagertu eta garai zail hauetan nahikoa lan izan dute txirrindulariek bere lanean segitzeko. Leitzarra izan da hobekien kokatu dena eta Sky talde handian ariko da.
 
OLAIZOLA, Aimar
Buruz buruko txapel nagusia laugarrenez jan­tzi du goizuetarrak, 2012an bezala finalean Irujori 22-7 irabazita. Lau terdikoa ere zazpiga­rren aldiz jantzi du, Irujori 22-16 irabazita.
 
PERURENA, Inaxio
300 kilokoa bizkarrera­tzea lortu zuen otsailaren 10ean Leitzan eta esku bakarrekin 238 kilokoa altxatu zuen urri­aren 5ean Iruñean. Marka bikainak.
 
TXIRRINDULARITZA
Beteranoak bikain dabiltza errepidean. Ion Zeberio eta Patxi Meoki elizondarrak Euskal Herriko txapeldun izan dira bere kategorietan. Meoki Espainiako txa­peldun ere izan zen eta Zeberiok Nafarroako Itzu­lia eta erlojupekoa ere irabazi zituen. Luziano Mitxelena lesakarrak ere Nafarroako erlojupeko txapelketa lortu zuen.
 
TXOPERENA, Beñat
Igantziarrak afizionatu mailan bere lehen garaipena lortu zuen Mungian, Euskadiko erlojuaren kontrako txapelketan 3. eta Espainiako errepideko txapelketan 2. Orain, profesionaletan debutatuko du Euskadiko talde kontinentalean.
 
VILA, Patxi
Txirrindularitza profesionala utzita ere ez dute ahazteko Berako txi­rrindulazaleek. Otsailaren 22 eta 23an omenaldia egin zioten, solasaldi, erakusketa eta bizikleta martxarekin. 
 
 
 
 
 
 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun