Olaizola II.ak 22-16 irabazi zion Irujori lau t'erdiko txapelketako finala, Gasteizko Ogetan abenduaren 14an, eta zazpigarrenez jantzi du txapela goizuetarrak. Iberoko aurrelariak estutu zuen, eskura eduki zuen garaipena, baina, beste behin, amore eman behar izan zuen. Fisikoki hobeki bukatu zuen partida Olaizola II.ak, eta hor egon zen gakoetako bat. Olaizolak berak, garaipena sakean oinarritu zuela onartu zuen, Irujoren eskuin eskua bilatuz.
OLAZABAL AZPITXAPELDUN
Goizuetarrak asteburuko berri ona eman zuen. Mikel Olazabal aresoarrak, aldiz, galdu egin zuen ostiralean Tolosako Beotibarren jokatu zen bigarren mailako finala. Stephane Lemuno lapurtarraren kontra 19-22 galdu zuen. 10-19 galtzen joan ondotik, 19-21era hurbiltzea lortu zuen Olazabalek, baina azken tantua Lemunok egin zuen.