Urteko kontuak kitatuta, urte berriari begira

Fernando ETXEBERRIA 2014ko urtarrilaren 9a

Santa Maria jatetxean bildu ziren eskualdeko ordezkariak. Fernando ETXEBERRIA

Aurtengo kuota 10 eurokoa izanen da

Abenduaren 18an Arkupeak elkarteko ordezkariek bilera egin zuten urtearen errepasoa egiteko. Bidaiak, ikastaroak, hitzaldiak… asko izan da urteak eman duena eta parte hartzea handia izan dela azpimarratu zuen Arkupeakeko presidenteak. Zehazki bidaietan 2.955 bazkidek parte hartu dute, ikastaroetan 199k eta hitzaldietan 218k. Diru laguntzen inguruan ordea, datuak ez dira hain baikorrak. Krisi ekonomikoak gogor jo ditu bazterrak eta eragin handia izan du pentsiodunen artean. Nafarroako Gobernuak aurten, 16.037,47euroko diru laguntza eman du, kopuruak nabarmen egin du behera, iaz adibidez, 46.982,87 euroko lagun­tza eman zuen. Dena dela, datorren urteari ere ilusioz eutsi diote eta ekintza ugari prestatzen ari dira. Urtarril erdialdetik aurrera jasoko dute elkartekideek boletina etxean eta bertan xehetasun guztiak topatuko dituzte. Aurtengo ikastaroekin segiko dutela jakinarazi dute eta beste hiru ere eskainiko dira: ingelesa, argazkigintza eta altzairuak eraberri­tzen ikasteko aukera izango dute aurtengoan. Gogorarazi dute, ikastaroetan izena eman nahi dutenek urtarrilaren 31a baino lehenago apuntatu beharko dutela elkartera deituta edota ordezkariei jakinarazita. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun