Historiako irakasle baten bisita izan dugu berriki herrian. Uztailean izana zen herrian eta “Ezkurra, herri berezia” liburua irakurtzeko aukera izan zuen orduan. Liburuan irakurritako zenbait konturekin ez du bat egin eta bere ikuspegia herritarrekin partekatzeko aukera izan du oraingoan. Liburuan biltzen denez, Hamarrendegian bizi izan zen herriaren eta bertako herritarren jabetza aldarrikatzen zuen jauntxoa. Historialari honen arabera ordea, Hamarrendegia ez zen izan jauntxoen lehendabiziko etxea, horren ordez dio parrokiatik hurbil zegoen gaztelu batean bizi izan zirela.
Jakina da, jauntxoak boteredunekin harreman onak izaten saiatzen zirela, diruz lagunduz edota zuzenean gerran parte hartuz. Historialari honen esanetan, Jauntxoa gerran zegoenean, gaztelua erre zioten paretak bakarrik utziaz zutik. Hala, gaztelua suntsitua zegoenez etxez aldatu eta orduan jarri ziren “hamarrendegian” bizitzen. Parrokiaren atzekaldean gaztelu haren arrastoak daudela aipatu zuen historialariak bere teoriari indarra emateko. Baina zergatik ezagutzen dugu Ezkurrako Parrokia bezala? Zergatik ziren garai hartako jauntxoen eskariak Ezkurrako alkate izatea, parroko berria izendatzea, elizan ohorezko tokia izatea eta parrokian bertan hilobiratuak izateko eskubidea edukitzea?
Artxiboek diote jauntxoak arduratu zirela eliza eraikitzeaz, herritarrek emandako diru-laguntzekin. Horretarako gazteluaren hondakinak erabili ote zituzten ez dakigu... Egia, asmakizuna, kondaira edo inoxente eguneko broma ote da? Auskalo!
URTE BERRI ON
Eskuetan duzuen Ttipi-Ttapa urteko lehenbiziko dela kontuan izanik, 2014 zoriontsua opa dizuet irakurle guztioi. Ez dira garai errazak, baina ziur egoerari buelta ematea lortuko dugula, okerragoetatik ateratzea lortu izan dugu eta.